Usakorako prebentzio plana onartu du Udalak

2020/07/17
Gaurtik aurrera txanda sistema egongo da belardian

  Covid-19a dela eta, neurri bereziak ezarri zituen Udalak Usakoko bainu denboraldirako. Zaintza ordutegia zabaldu da eta indartu da; sorosle bat arratsaldero, 15.00tatik 21:00tara egoten da eta bigarren bat berriz,  16:00etatik 20:00etara. Gainera, bi udaltzain laguntzaile kontratatu dira zaintza zerbitzurako.

  Ur-putzua eta inguruko plataforma bainu dinamikorako gune bihurtu da eta aforoa mugatu da; plataforman, gehienez, 15 pertsona egon daitezke. Ezin daiteke toailarik jarri eta ezta egonaldi luzerik egin ere. Erabiltzaile kopuru handia dagoenean, ordu laurdeneko txandak antolatuko dira bainua hartzeko. Txanda bakoitza 30 pertsonakoa izango da. Seinaleak jarri dira ur-putzuko sarbideetan eta bertara iristeko dagoen arrapalan, eta arrapala bera bitan zatitu da beherantz eta goranzko norabideak bereizteko. Ilara egiteko markak ere jarri dira.

  Horiek, orain arte indarrean jarri diren neurriak. Gaurtik aurrera berriz, txanda sistema jarriko da belardian. Bi txanda egongo dira arratsaldetan: 15:00etatik 17:45era lehena, eta 18:15etatik 21:00etara bigarrena. Lehen txanda bukatzean erabiltzaileek belardia utzi beharko dute bigarren txandakoei lekua egiteko. Asteburuetan, belardia 14:00tan hustu egingo da eta lehen txandakoak, 15:00tan sartuko dira, esan bezala. Asteburu eta jai egunetan gainera, langile bat gehiago egongo da eremua zaintzen.

  Igerileku faltan, Usakoko bainu gunea baimentzea beharrezkoa ikusi zutela adierazi du alkateak. Hartzen joan diren neurri bakoitzaren ondorioak aztertuz eta egoerari ahalik eta egokien erantzuteko aurrera poliki-poliki egin dutela esan du Izaro Elorzak. Hartu den erabaki bakoitzean auzotarren eta oro har herritarren ekarpenak kontuan hartu dituztela adierazi du alkateak, bereziki, aparkalekuen inguruan. Izan ere, aipatu neurri guztiez gain, Usakorako prebentzio plan honetan trafiko arazoak saihesteko hainbat erabaki hartu baitira. Mugikortasun jasangarriaren alde Herribusaren erabilera sustatu da, ordutegi zabalagoa eskainiz. Aparkatzeko debekua gogorarazten duten seinaleak jarri dira Olateko errepidean eta Usako baserriaren parean, Zuazolako zubian eta Olateko errepide bazterrean ibilgailurik aparkatu ez dadin bitartekoak jarri dira, Munazategiko zein hilerriko aparkalekuak seinaleztatu dira autoak bertan aparkatu eta bainu gunera oinez joateko eta bainu lekuaren kokapenari dagozkien seinale gehiago ere jarri dira.



Iturria: Oñati Irratia