Usakon bainu denboraldia bihar hasiko da ofizialki, irailaren 10a arte

2017/06/09
Astelehenetik aurrera, Herribusa bertaraino iritsiko da astegunetan, birritan

  Bihar hasi eta irailaren 10a arte luzatuko da bainu denboraldia Usakon. Horrek esan nahi du, hiru hilabete horietan, sorosle zerbitzua egongo dela egunero 15:00etatik 20:00etara. Aurten, gainera, jende asko biltzea aurreikusten den egunetan zerbitzua indartu egingo du udalak bigarren sorosle bat jarriz.

  Ez da bainu denboraldi honetako berrikuntza bakarra izango, Herribusa bertaraino iritsiko baita egunean birritan, astelehenetik ostiralera. Lehenengo zerbitzua 16:00etan abiatuko da Ugarkaldetik eta bigarrena 19:30tan. Usakora iristeko ordu erdi beharko da eta Ugarkalderainoko itzuli osoa ordubetean egingo da. Herribusaren zerbitzu berezi hau astelehenean sartuko da indarrean eta abuztuaren 4ra arte luzatuko da, astelehenetik ostiralera, esan bezala.

  Usakoko ur putzua prest dago Buceo Euskadi enpresako urpekariak arrama eta bestelako elementu arriskutsuak kendu ondoren eta inguruko belardia ere txukundu da eta komuna, dutxa eta bestelako oinarrizko zerbitzuak martxan  dira.

Iturria: Oñati Irratia