Ur uhinak parkeko txorrotak ostiraletik aurrera erabilgarri egongo dira, urriaren 14ra arte

2018/05/29
Usakoko bainu denboraldia ekainaren 9tik irailaren 9ra izango da aurten

  Ur txorroten parkeak eta Usakoko bainu gunearen sorosle zerbitzuak izango duen egutegi eta ordutegia finkatu zen azken Tokiko Gobernu Batzarrean. San Lorentzoko ur uhinak parkea erabilgarri izango da ostiral arratsaldetik aurrera. 17:00tan zabalduko da txorroten ur hornidura eta urriaren 14ra arte ez da itxiko. Eskoletan udako oporrak hasi arte, ur txorrotak arratsaldez ireki ahal izango dira, 13:00tatik 21:00tara. Bai behintzat ekainaren 22ra arte eta astelehenetik ostiralera. Larunbat, igande eta jai egunetan txorroten ordutegia 11:00tatik 21:00tara izango baita. Ordutegi berbera izango da ikasturte berria hasten denean, irailaren 10etik urriaren 14ra. Bitartean, hau da, ekainaren 23tik irailaren 9ra, asteburuetako ordutegia aste osora zabalduko da eta ur txorroak 11:00tatik 21:00tara erabilgarri egongo dira.

  Usakoko bainu denboraldia berriz laburragoa izango da, ekainaren 9tik irailaren 9ra. Hiru hilabeteko tarte horretan sorospen zerbitzua 15.00etatik 20.00etara beteko da. Baina aipagarria da ekainaren 23tik abuztuaren 5era eta abuztuaren 25etik irailaren 9ra, 16:00tatik 20:00tara bi sorosle izango direla Usakon. E-Goitek enpresak beteko du aurten ere sorosle zerbitzua. Hau da, Zubikoako sorosle eta igeriketa ikastaroen zerbitzua ematen duen enpresa berbera.

  Bainu denboraldia hasi aurretik hainbat prestaketa lan egingo dira Usakon. Ur hornidura gainbegiratuko da eta belarra moztu eta gunea atonduko da. Oinezkoentzako eta elbarrientzako bideak garbitu eta egokituko dira. Putzuaren beraren garbiketa ere egingo da. Horretarako Buceo Euskadi S.L. enpresako urpekariak kontratatzen dira eta putzuan pilatu diren adarrak eta hondakinak ateratzen dituzte. Erabiltzaileen informaziorako, bainu denboraldiaren egutegia eta sorosle-zerbitzuaren ordutegia zehazten duen kartela jarriko da. Idatzian, inguruan dauden arrisku eta debekuak ere adieraziko dira.

  Bainu denboraldia hasita, Usakoko gunearen garbiketa goizero egitea eta soroslearen txabola ere astean hirutan garbitzea erabaki zuen gobernu taldeak pasa den asteko bileran. Segurtasuna bermatzeko hainbat neurri berezi ere hartuko dira eta udaltzainei tarteka eta maiztasun jakin batekin, inguruak zaintzera joan daitezela eskatuko zaie.

  Usako, oñatiarrek ez ezik, inguruko herrietako lagun askok erabiltzen duen aisialdi eta bainu gunea da.

Iturria: Oñati Irratia