Ur uhinak parkea ekainak 1ean zabalduko da

2019/05/21
Bainu denboraldia urrira arte luzatuko da

  Duela ia bi urte estreinatu zen ur txorroten parkea datorren astean zabalduko da berriro. Zehaztu den ordutegia eskola egutegiaren araberakoa da. Hala, ekainaren 1etik 21era, astegunetan 13:00etatik 21:00era irekiko da. Behin oporrak hartu eta gero, ekainaren 22tik iraila hasierara arte, ur txorrotak 11:00etatik 21:00tara martxan izango dira eta irailean, ikasturte berria hasten denetik herriko jaiak amaitu bitartean, berriro, 13:00etatik 21:00tara izango da ur uhinak parkearen ordutegia. Astebukaeretan berriz, datorren zapatutik aurrera jada, 11:00etatik 21:00tara izango da. 

  Udaleko mantenu langileek ur txorroten instalakuntzen egoera egiaztatu dute, azken egun hauetan. Bide batez, ur eta argindar hornidurak berrezarri dira. Beraz, dena prest utzi da ekainaren 1ean berriro martxan jartzeko. Iaz egin zen bezala gainera, komun publiko bat kokatuko da inguruan, bainu denboraldiak irauten duen bitartean. Komuna, guztiz irisgarria izango da.

  Eta bainu kontuekin jarraituz, esan bestalde, Usakoko bainu gunea ere laster erabilgarri egongo dela. Usakoko bainu gunean oinarrizko sorosle zerbitzua ekainaren 8tik irailaren 8ra eskainiko da, ohikoa denez, 15:00tatik 20:00tara. Eskola opor garaian zerbitzua indartu egingo da bigarren sorosle bat jarriaz, abuztuaren 4tik 24ra izan ezik. E-Goitek enpresak beteko du sorosle zerbitzu hori. 

Iturria: Oñati Irratia