Udazken-neguko Azken Txanpa azoka antolatu du Txanda elkarteak ostiral-larunbaterako

2021/02/22
Kale Barria eta kale Zaharra trafikorako itxita egongo dira eta inguruko merkatarien atez ateko hondakin bilketa berrantolatu da

  Txanda elkarteko 23 dendek iragarri dute Azken txanpa outlet azokan parte hartuko dutela. Elkarteko bazkide ez diren merkatariak ere ekimenera batu daitezke. Dendetara gerturatzen den orok deskontu eta eskaintza bereziez gozatzeko aukera izango du, emakume, gizon eta haur modan, lentzerian, mertzerian, osagarrietan, oinetakoetan, etxeko apaingarri, optika eta bestelakoetan. Aurreko urteetan bezala beherapen bereziko produktuen erakusketak denda atarietan jarriko dira. Eta erdiguneko kale komertzialetatik aparte dauden zenbait merkatarik gainera, plaza eta kale Barria aldera ekarriko dituzte eskaintza berezian dituzten produktuak; Amets-Berezao garajeak, esaterako, hainbat auto elektriko jarriko ditu Etxaluzeko iturri inguruan.

  Dendariek, orokorrean, lokal aurrealdera aterako dituzte udazken- neguko azken produktuak, esan bezala. Horrek, zenbait gunetan, promozio produktuak kalearen ezker-eskuman jartzea esanahi du, kalea estutuz. Oinezkoen kaleetan arazoak sortu izan dira, goizez, oinezkoek eta autoek partekatu behar izaten dituztelako, eta horregatik, aurten, kale Barria eta kale Zaharra trafikorako ez irekitzea erabaki da, ez ostiralean ezta larunbatean ere. Horrela, ikusle-erosleak eta baita saltzaileak ere lasaiago ibili ahal izango dira herri-guneko bi kale horietatik.

  Trafiko mozketak merkatariei eskaintzen zaien atez ateko hondakin bilketari eragingo dio, kamioia ez delako erdiguneko kale horietara sartuko. Ondorioz, hondakinak, honako bilketa puntuetara atera beharko dituzte dendariek: Maiatzaren 1a plazara, Iturritxoko ONCE kabina ondora, Ramon Irizarreko edo Portu kaleko esekitokietara edota Lizaur kaleko lehenengo esekitokira.   

Iturria: Oñati Irratia