Udazken-neguko Azken Txanpa azoka antolatu du Txanda elkarteak bihar eta etzirako

2020/02/27
Kale Zaharra eta kale Barria trafikorako itxita egongo dira

  Txanda elkarteko 26 dendek iragarri dute Azken txanpa outlet azokan parte hartuko dutela. Elkarteko bazkide ez diren beste merkatari batzuk ere ekimenera batu daitezke. Dendetara gerturatzen den orok deskontu eta eskaintza bereziez gozatzeko aukera izango du, emakume, gizon eta haur modan, lentzerian, mertzerian, osagarrietan, oinetakoetan, etxeko apaingarri, optika eta bestelakoetan.

  Aurreko urteetan bezala beherapen bereziko produktuen erakusketak denda atarietan jarriko dira. Eta erdiguneko kale komertzialetatik aparte dauden zenbait merkatarik gainera, plaza eta kale Barria aldera ekarriko dituzte eskaintza berezian dituzten produktuak. Oñabike, D’Or estetika edota Amets-Berezao garajeak kasurako. Azken honek lau auto plaza inguruan jartzeko udal baimena eskuratu du.

  Dendariek, orokorrean, lokal aurrealdera aterako dituzte udazken- neguko azken produktuak, esan bezala. Horrek, zenbait gunetan, promozio produktuak kalearen ezker-eskuman jartzea esanahi du, kalea estutuz. Oinezkoen kaleetan arazoak sortu izan dira, goizez, oinezkoek eta autoek partekatu behar izaten dituztelako, eta horregatik, aurten, kale Barria eta kale Zaharra trafikorako ez irekitzea erabaki da, ez bihar ezta larunbatean ere. Beraz, ikusle-erosleak eta baita saltzaileak ere lasaiago ibili ahal izango dira herri-guneko bi kale nagusi horietatik. Baita musikariak ere, Azken txanpa outlet azoka girotzeko kale animazioa izango baita Jose de Azpiazu musika eskolako trikitilarien eskutik. Ostiral arratsaldean eta larunbat goizean kalerik kale ibiliko dira trikitilari eta pandero-joleak.

Iturria: Oñati Irratia