Udaleku irekietan begirale izateko onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak argitaratu dira

2019/04/08
Erreklamazioak aurkeztu eta dokumentazioa osatzeko apirilaren 10a arteko epea dago

  114 lagunek eman dute izena udaleku irekietan begirale izateko. Onartu eta baztertuen behin behineko zerrenda osatuta,  19 hautagai baztertu egin dira, oraingoz. Horretarako arrazoi nagusia sexu delituen agiri eguneratua ez aurkeztea izan da, baina eskatutako ikasketen ziurtagiria edota indarrean dagoen nortasun agiria ez aurkeztea izan dira begiralegaiak hautaketatik kanpo uztearen beste arrazoi batzuk.  Eskatutako dokumentazioa presentatu daiteke oraindik, hartarako epea asteazkenean, apirilaren 10ean amaituko da. Onartu eta baztertuen behin behineko zerrendak udaletxeko iragarki taulan eta oñati.eus web atarian argitaratu dira.

  Oraindik ez da zehaztu zenbat begirale kontratatuko diren uztaileko udaleku irekietan. 620 haurrek eman dute izena, baina epez kanpo beste hainbat eskaera aurkeztu dira. Horiek onartu ala ez erabakitzeko dago oraindik. Era berean, adinaren araberako taldeak egiteko daude. Baina 67/68 bat begirale beharko direla aurreratu digu Haur eta Gazteria teknikariak.

  Hautatuak nortzuk izango diren jakiteko, ordea, egunak beharko dira, onartuen behin betiko zerrendak argitaratu ondoren, puntuak banatu, horiek jakinarazteko behin-behineko zerrendak osatu eta zuzenketarako epearen ondoren behin betiko zerrendak kaleratu beharko baitira.

  Oraingoz, izena eman ondorengo lehenengo urratsa bete da, hau da, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratu da eta alegaziotarako epea zabalik dago etzira arte.

Iturria: Oñati Irratia