Udaleku irekiak ekainaren 29tik uztailaren 24ra egingo dira aurten

2015/03/17
Bihar irekiko da neska-mutikoen izen emate epea

  Oñatiko Udalak antolatutako Udaleku irekiek, nobedade bat baino gehiago izango dituzte aurtengo udan. Aldaketarik esanguratsuena, udalekuetako topagunea Gaztelekura itzultzen dela da. Udalekuak ekainaren 29ean hasi eta uztailaren 24an amaituko dira eta 2005etik 2011ra bitartean jaiotako neska mutikoei zuzendutako jarduera izango da. Txatxilipurdi elkartea arduratuko da bigarren urtez udaleku ireki hauen antolakuntza eta koordinazioaz.

  Izen ematea, bihar bertan ireki eta apirilaren 1era arte luzatuko da. Haurrek gaur eraman dute etxera izen emate orria eta datuak bete ondoren, Euskadiko Kutxara eraman beharko da dagokion matrikula ordainketa egiteko. Aurten, udaleku irekietako matrikula kuota 70 eurotan  mantenduko da.

  Udalekuek 10.00-13.00 ordutegia izango dute eta topagunea aldatuta Gaztelekuan kokatuko da berriro. Haurren adinaren arabera, sotoan edo Topalekuan elkartuko dira, baina hori, gerora zehaztuko da.

  Iaz egin bezala haurren parte hartzea sustatzen jarraituko da eta udalekuetako asteko programazioa, hezitzaile eta haurren artean landuko dute, azken hauei hitza emanez. Beste berritasun aipagarria zaintza zerbitzuari dagokio. Iaz eguerdian, udalekuen ondoren zaintza zerbitzua eskaini bazen ere, erabilera urria izan zuela ikusita kentzea erabaki da. Goizeko lehen orduko zaintza zerbitzua bai mantenduko da eta 8ak eta laurdenetatik 10ak arte eskainiko da. Udaleku irekietan parte hartzen duten haur guztiek dute zerbitzu honetaz baliatzeko aukera, baina horretarako izen emate orria bete beharko da, eta udalekuetako matrikula orokorraz gain, zaintza zerbitzuari dagokion kostua ordaindu beharko dute, beste 50 €, alegia.

  Bihar hasten da Udalak antolatzen dituen udaleku ireki hauetan izena emateko epea eta apirilaren lehenean amaituko da. Epez kanpoko izen ematerik ez da onartuko.  Eta baja emanez gero, matrikularen dirua ere ez da itzuliko.

  Udalekuetan begirale gisa aritu nahi duten gazteei zuzenduta, izen emate epea, apirilaren 13tik 24ra izango da. Bete beharko dituzten baldintzak berriz, bihar egingo den Gobernu Batzarrean aztertu eta zehaztuko dira.

 

Iturria: Oñati Irratia

Udaleku irekiak