Udalak, iazko azaroaren 28an hartutako zabor tasari buruzko erabakia bertan behera utzi du

2014/05/16
Azken lau urteetako zabor tasa ordainarazi dieten zergadunei dirua itzuliko zaie.

  Hondakinen kudeaketa sistema aldatu zenean, zabor tasaren erroldaren ikuskapena egin zuen udaleko kontu hartzailetza sailak. Zenbait kasutan ur-zerbitzuan izandako baja batzuk gaizki tramitatu zirela eta alta batzuk berriz, ez zirela behar bezala erregistratu ikusi zen.

  Intzidentzia horiek guztiak erregularizatuta azken lau urteetako zabor tasak berrikusi ziren eta kobrantza prozesua martxan jarri zen. Hala, 167 zergadunei, lau urteko zabor tasa ordain arazi zitzaien. Dena den, guztiek ez dute ordaindu. Orain bi aste, 41 zergadunek oraindik ordaintzeko zuten.

  Azken urteetan aldatu egin da zabor tasak kobratu eta altak emateko modua eta aldaketa horren ondorioz, komunikazio eta koordinazio akatsak geratu dira udala eta Gipuzkoako Urak enpresaren artean.

  Koordinazio akats horiek onartuta, eta legeak hartarako bidea ematen duela jakinik ere, udalak atzera egin du iazko azaroaren 28an hartu zuen erabakian eta azken lau urtetako zabor tasa kontzeptuan ordainarazi duen dirua itzuli egingo du.

  Gertatutakoa eta udalak hartu duen erabakia jakinaraziz aipatu 167 zergadunei gutun bana bidali zaie. Aste hasieran igorri ziren gutunak iritsita edo iristear egongo dira.

  Jakinarazpenak orain bidali diren arren, ordainketa ez da berehalakoan egingo. Gipuzkoako Urak enpresak hurrengo kobrantza egin eta udalari dagokiona likidatu arte itxarongo da, orduan jakingo baita seguru azken lau urteetako zabor tasa zeintzuk ordaindu dute. Horren arabera, udalak dirua itzuliko die.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!