Oñatiko udala

Udalak, garapenaren aldeko lankidetzarako diru laguntzak banatu ditu.

2013/11/26
Jaso ziren 33 proiektuetatik 27 diruz babestuko ditu.

  Udal gobernu taldeak erabaki du jada, nazioarteko lankidetzarako zuen diru poltsaren zati handi bat zein egitasmotara bideratu; 93.000 euro zituen xede horretarako eta 88 mila pasa banatu ditu. Banoia Chernobilekin, Gurutze gorria, Bubulum taldea, Felix Baltistan Fundazioa, Oñatiko komite internazionalistak, HERMANSOLOÑA, Mali elkartasuna, Zazpi udaberri, Iñaxio Biain eta Juane Ignacio Agirre frantziskotarrak, Luis Arregi agustinoa, Parrokiako misio taldea, Rigoberta Menchú fundazioaren izenean Iker Zelaia, Mundu solidarioa helburu taldearen izenean Leire Etxeberria, Maria Luisa Ugarte edota Mari Karmen Markuleta misiolariak eta TAU fundazioa dira, besteak beste, udalaren diru laguntza jasoko duten erakundeak eta ordezkariak.

  Diru laguntza handiena hiru proiektuk jasoko dute aurten: HERMANSOLOÑAk, Argentinara materiala bidali eta konponketa nahiz dinamizazio lan ezberdinetarako 16.000 euro jasoko ditu. Arrasateko “mundu solidarioa helburu” elkarteak 12.500 euro jasoko ditu. Nicaraguako komunitate batean minusbaliotasuna duten gazteen integrazioa lortzea helburu duen egitasmoa aurkeztu du. Eta Zarauzko ACOES elkarteak berriz, beste 12.000 euro jasoko ditu Hondurasen gizarte bazterketa arriskuan dauden adineko pertsonentzako babes etxe bat eraikitzeko. Aipatu hiru proiektuak Latinoamerikan gauzatuko dira, udalaren diru laguntza eskatu eta izango duten gehienak bezala.

  Diru laguntza hauek, arlo ezberdineko proiektuak babestera zuzenduko dira. Ikasketa bekak, prebentzio eta trebatze programak, osasun materiala eta azpiegitura egin edo hobetzeko proiektuak nagusi dira aurten ere.

  Osasun arloari dagokionez, adibidez, Iñaxio Biain frantziskotarrak Paraguayn, leuzemia duten umeei osasun laguntza eskaintzeko proiektua bultzatuko da. Egitasmo honek, urtero udalaren diru laguntza jasotzen du. Rigoberta Menchú fundazioaren eskutik, Mexikoko Guerrero estatuan, ama eta haurren heriotza tasa eta desnutrizioa gutxitzeko osasun zerbitzuak hobetzeko egitasmoa diruz lagunduko da eta Dominikar Errepublikan eta Baltistanen ur hornidura hobetzeko proiektuak babestuko dira.

  BUBULUM taldearen eskutik Nikaraguan, nekazal eremuetan bizi diren haur berezien bizi kalitatea hobetu eta tratu txarrak eta eraso sexualak jaso dituzten haur eta gazteei laguntzeko programa diruz lagunduko da eta Nikaraguan baita ere, Debagoienako gurutze gorriak, fenomeno naturalek ortuak kaltetu ez ditzaten nekazaritza praktika egokiak bultzatzen duen proiektua aurkeztu du. Oñatiko Komite internazionalistek ere, Chiapas estatuko hainbat komunitateetan elikadura segurtasuna finkatzeko egitasmoak bultzatzen ditu.

  Hezkuntza arloan berriz, Mali elkartasun ataldeak, ortu lan, baso birlandaketa eta ganadugintzan ikasleak trebatzeko formazioa babesten du. SERSO San Viator erakundeak, Burkina Fason neska-mutikoak nahiz helduek oinarrizko ikasketak izan ditzaten eskolaratze egitasmoa aurkeztu du eta TAU fundazioak berriz, Marokon, Fez hirian, neskatila eta emakumeen hezkuntza hobetzeko proiektua diruz laguntzea eskatu du.

  Horiek, jaso eta diruz lagunduko diren garapen proiektuetako batzuk dira. Herrian bertan sentsibilizazio ekintzak egiteko ACESMA elkarteari eta Mundu solidarioa helburu taldeari diru laguntza emango zaie.

  Aurten, lankidetzarako diru laguntza hauek emateko banaketa sistema aldatu egin da. Proiektuak besteak beste duten inteses eta koberturaren arabera puntuatu dira eta 80 puntutik gora lortu duten 27ak diruz lagunduko dira. Lortutako puntuazio horren arabera gainera, diru laguntzaren portzentaia handiagoa edo txikiagoa izango da.

  Udalak aurten nazioarteko lankidetzarako 93.000 euro zituen eta dagoeneko, esan bezala, 88.000 pasa banatzea erabaki du. Urtea amaitzerako geratzen diren ia 5.000 euroak zein proiektu edo ekintzetara bideratu erabakiko da.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!