Udalak, Errekalde eskolako “Kontserjearena” deitutako etxea errentan emateko lehiaketa prozedura martxan jarri du.

2014/03/13
Eskaerak apirilaren 2a bitartean egin behar dira. Etxea ikusi nahi duenak martxoaren 20an izango du hartarako aukera.

  Herri eskolako kontserje-etxearen alokairu kontratua berezia izaten da, eskolan kontserje izaerako oinarrizko hainbat lan egitera lotuta baitago. Horretxegatik, “kontserjearena deituriko etxea” errentan, lehiaketa bidez ematen du udalak. Berez, etxearen hileko errenta 400 euro ingurukoa litzatekeela kalkulatu du udalak, baina horren ordainketa dirutan egin ordez, espezian edo, oinarrizko konponketa eta zaintza lanen bitartez egingo du maizterrak.

  Lehiaketan parte hartzeko oinarrizko lau baldintza bete behar dira: Oñatin bizi eta erroldatuta egotea, gutxienez azken urtebetean. Jabetzan etxebizitzarik ez edukitzea, ez Oñatin ezta beste inon ere. Adinez nagusia izatea eta euskaraz ulertu, berba egin eta oinarrizko idazketa jakitea.

  Errenta ordainketa gisa eskatzen zaizkion oinarrizko mantenu lanak egin ahal izateko gutxieneko ezagutza eta formakuntza ere baduela kontutan hartuko da. Hala formazio akademikoa eta igeltserotza, arotzeria, iturgintza edo antzerako lanetan esperientzia izatea ere baloratuko da, baloratu eta puntuatu. Lehiaketa fase horretan puntu gehien lortzen dituen eskatzaileari alokatuko zaio “kontserjearena” deritzon etxebizitza hori. Alokairu kontratua 5 urterako izango da.

  Gaur argitaratu da Gipuzkoako aldizkari ofizialean, Errekalde eskolako kontserjearen etxebizitza errentan emateko lehiaketa deialdia. Horrekin batera, eskaerak egiteko epea ireki da. Interesatuek eskaerak udal bulegoetan aurkeztu behar dituzte. Horretarako azken eguna, apirilaren 2a izango da.

  Bitartean, etxebizitza bera ikusi nahi duenak hartarako aukera ere izango du, gaur zortzi, martxoaren 20rako finkatu baita etxea bisitatzeko eguna. Martxoaren 20an eguerdiko ordu bietan. Udaltzainak arduratuko dira etxebizitza ireki eta bertaratzen direnei erakusteaz.    

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!