Udalak, artxiboko 5 kontu liburu eta udal kontuen hiru espediente zaharberrituko ditu.

2012/07/19
XVI eta XVIII. mende arteko dokumentu hauek berritzeko Foru aldundiaren diru laguntza jasoko da.

  1524-1731 urte bitarteko udal kontu liburuak eta espediente batzuk, oso egoera txarrean daude. Onddoak agertu dira eta papera hauskorra bihurtu da ia desegin arte. Ondorioz, liburuak ezin dira kontsultatu. Dokumentuak, zikinak ere badaude eta orbanak direla eta paperaren zati batzuk ezin dira irakurri. Tolesturak dauzkate paper ertzetan eta zenbait kasutan, paperak intsektuek egindako zuloak ditu.

  Zaharberrituko diren dokumentuak, udalaren diru kontuen berri ematen dute, zein gastu zituen eta nola justifikatzen ziren. Udalak bi mendetan zehar kontuhartzailetza arloan betetako zeregina islatzen dute, zenbat diru gastatu edo jaso zuen azaltzen dute eta noiz, nori edota zergatik ordaindu edo kobratu zen. Garai hartako lanbideak, udalak egindako ekintzak eta izan zituen lehentasunak ere ezagutu daitezke liburu hauek kontsultatuz. Bitxikeriak ere ez dira falta.

  Orain kasik 500 urtekoa da zaharberrituko den dokumenturik zaharrena, 1524koa hain zuzen ere. Oso aspaldikoak izanagatik, azkenaldian kontsultatu diren liburu eta espedienteak dira. Ikertzaile batek esaterako,  jesuitei buruzko doktoretza ondoko ikerketa egiteko eskuratu ditu eta beste batek, animali arriskutsuei buruzko lana osatzeko.

  Gai ugari ikertzeko informazio iturri dira beraz udal kontu liburuak. Baina esan bezala, hauetako asko erabili ere ezin dira egin. Oso kaltetuta dauden dokumentu hauek guztiz galdu aurretik, zaharberritzea erabaki da.

  Dokumentu bakoitzaren egoera konkretua ikusita, arloan diharduten enpresa adituen proposamenak jaso dira eta espezializazioaren arabera, lana, bi enpresei esleitzea erabaki da.
Dokumentu guztiak garbitu egingo dira lehenik, orriz-orri desinfektatuko dira eta kaltetutako paperaren zatia sendotzeko tratamendua emango da.

  Horretarako, liburu eta espediente bakoitza banaka aztertuko da tratamendu egokiena erabakitzeko. Erabiliko diren teknikak zehazteko berezko osagaiak eta materialak aztertuko dira, tintak eta paperaren ph-a adibidez, eta egin daitezkeen aldaketek sortu ditzaketen arriskuak ere aurrez neurtuko dira.

  Kontserbazioa bermatzeko, ahal den neurrian liburuak ez dira desmuntatuko, horrela jatorrizko josketa lana ikusi eta gordetzen saiatuko dira.

  Udal artxiboko 5 kontu liburu eta 3 espediente hauek zaharberritzeak, ia 14.000 euroko aurrekontua du. Foru aldundiak, 8.400 euroko diru-laguntza emango du.