Udalak 26.200 € pasa emango dizkio Txanda elkarteari 2015eko diru laguntza kontzeptuan

2016/01/27
Urteko gastuak estaltzeko kopurua da

  Txanda dendarien elkarteak iazko urteari dagozkion diru kontuen berri eman dio Udalari. Herrira zabaldutako kanpaina eta ekimen ezberdinetan 39.520,70 €ko gastua izan zuen.

  2015ean aurkeztu den ekintzen txostenean, komunikazio kanpaina, Bomag aldizkaria, inauterietako photocall-a, outlet-a, Txanda eguna, Dendak Oñatin lehen, orain eta beti ekimena, Gabonetako kanpaina eta dendariei zuzendutako prestakuntza ikastaroak jaso dira, besteak beste. Guztiak, 39.520,70 €ko gastua izan du. Urtean antolatutako ekintzei aurre egin ahal izateko, Txandak, elkarteko bazkideen kuotak eta Eusko Jaurlaritza eta Udalaren diru laguntza jaso ohi du. Eusko Jaurlaritzak ia 11.000 €ko diru laguntza agindu die eta Udalak, urteko gastua estaltzeko adina diru ematea erabaki du, 26.223,95€. Horri, Erregeen kabalgata antolatzeagatik Kultura sailak hitzemandako 2500€ak batu behar zaizkio.

  Gaia Udaleko Ogasuna eta Sozioekonomia Batzordeetan azaldu zen eta bien aldeko irizpenaz, azken Tokiko Gobernu Batzarrean aztertu zen. Txanda elkarteak aurkeztutako ekintzak eta justifikazioa ontzat eman ondoren, Udalak, 26.223,95 € ematea onartu du. 2015eko diru kontuak kitatuta, Txanda dendarien elkarteak aurtengo egitasmoa zehazten dihardu. 2016ko ekintzen proposamena, datorren asteazkenean, otsailaren 3an egingo den Batzar Nagusian aurkeztuko da.

Iturria: Oñati Irratia