Udal Finantzaketarako Foru Funtsa aldebakarrez murriztu izanaren aurkako mozioa onartu zen azken Osoko Bilkuran

2020/06/01
Card image cap
EAJk kontra bozkatu zuen eta finantzaketa plana egitea eskatu zuen berriro

  Maiatzaren 14an argitaratu zen Udal Finantzaketarako Foru Funtsan % 20ko murrizketa aplikatuko zela, Diputatuen Kontseiluak erabakita. Alde bakarreko erabakia dela dio EH Bilduk osteguneko Osoko Bilkurara eraman zuen mozioak. Euskal erakundeen arteko diru banaketan aldaketarik egon behar bada, erakunde guztien artean eztabaidatu eta adostu beharko litzatekeela ere adierazten da idatzian. Era berean, Oñatiko udalak hiru eskaera konkretu egiten dizkio Gipuzkoako Foru Aldundiari: elkarrizketaren aldeko apustu irmoa egitea; berraztertu dezala aldebakarrez hartutako erabakia eta udalekin elkalanean adostasun bat bilatu dezala udalen egonkortasun finantzarioa ere helburu izango duena eta Udalekin kogobernantzarako foro bihur dezala Giuzkoako Finantzen Kontseilua.

  Mozioa onartu egin zen, EH Bilduren aldeko eta EAJren kontrako botoz. Hala jakinaraziko zaie Foru Aldundiko eta Eudeleko ordezkariei.

  Ainhoa Galdos bozeramale jeltzaleak Foru Funtsaren eta euskal finantzaketa sistemaren inguruko argibideak eman zituen, arrisku partekatuaren irizpidean oinarritzen dela azalduz, eta zerga bilketa hazten bada, administrazio guztiek irabazten dutela eta behera egiten badu, denek galtzen dutela zehaztuz. Euskadin jasotzen den diruaren %70a Eusko Jaurlaritzak eskuratzen duela, % 17a Diputazioek eta %10/13a Udalek jasotzen dutela adierazi zuen. Proportzio hori ez dela aldatu eta dirua inori ez zaiola kendu esan zuen Galdosek. 2008an eta 2011an ere, EH Bildu Aldundiko gobernuan zegoenean ere, hala egin behar izan zela gogoratu zuen bozeramale jeltzaleak.

  Bizi dugun egoeraren ondorioz diru sarrerak murriztu direnez, erakunde guztiei zuzendutakoa murriztu behar izan dela argitu zuen. Eta horrek, 2020ko udal aurrekontuak errebisatzera eta lehentasunak markatzera eraman beharko lukeela erantsi zuen. Zentzu horretan, datozen hiru urteetarako finantza plana egitea eskatu zuen beste behin Ainhoa Galdos bozeramale jeltzaleak.

  Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren likidazioa otsailean egin ohi dela gogoratu zuten EH Bilduko ordezkariek eta orain ere hala egitea eskatzen zutela edo, gutxienik, denon artean adostea eskatzen zutela azpimarratu zuten. Izaro Elorza alkateak galdera zuzen bat egin zien ordezkari jeltzaleei erabili diren formak egokiak iruditzen ote zitzaizkien jakin asmoz.

  Udalak duen aurrekontu gerakinarekin Foru Funtsetatik Oñatik jasoko ez duen diru hori osatzeko aukera izango dela argitu zuen Xabier Igartua Sozioekonomia batzorde-buruak.      

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!