Udal artxiboko hiru dokumentu multzo zaharberrituko dira: XVI. mendeko kontzejuaren erregistro liburua eta maiorazko ordenantza eta XIX. mendeko matrikula industrialen espedientea

2018/04/18

  Udal artxiboko dokumentu historikoak ahalik eta egoera onenean mantentzeko zaharberritze lanak egin behar izaten dira. Dokumentuen garrantzia, antzinatasuna, erabilgarritasuna edota egoera kontutan hartuta, hainbat liburu edo banakako agiri eta txostenak zaharberritzen dira urtero. Aurten, hiru dokumentu multzo berrituko dira: XVI. mendeko bi eta XIX. mendeko beste bat.

  1500 eta 1535 urte arteko Registro del Concejo delakoa, gaur egungo akta liburuaren parekoa da. 270 folioz osatutako liburua da, eskuz idatzia eta  tinta arazorik ez duen arren, kuadernazioa oso hondatuta daukana. Apurtuta eta tolestuta dago eta hasierako folioak oso hondatuta daude, hauskor.

  Zaharberritzera eramango den bigarren dokumentua Maiorazko odenantzaren Carlos I.a erregearen konfirmazio agiria da, 1531koa. 10 foliotako agiri honetan papera apurtuta dago eta oso hauskorra da, ukitzerakoan apurtzeko arriskuan dago, ondorioz, ezin da kontsultatu.

  Hirugarren dokumentua, azkenik, 1880 eta 1881eko matrikula industrialen espedientea da. Bi paper-sorta dira, eskuz idatzitakoa bata eta inprimatutakoa bestea, 20 folio guztira. Kuadernatu gabeko bi sorta hauetako paper batzuk apurtuta eta tolestuta daude. Horrek kontsulta zailtzen du ez baita informazio osoa ikusten. Kontu egin behar da Matrikula industrial deritzoten dokumentuak oso erabilgarriak direla, herrian egon diren industria eta denden inguruko informazio aberatsa dutelako. Garai konkretu bateko ekonomiaren egoera edota herritarren jarduerak aztertzeko informazio iturri garrantzitsua dira.

  Udal artxibategiko hiru dokumentu horiek banan-banan  aztertuko dira erabili beharreko tratamendu egokiena erabakitzeko. Kalitatezko kontserbazio materialak erabiliko dira, neutroak eta itzulgarriak. Zaharberritze lanok Miravalles Restaura etxeak egingo ditu, 3500 eurotan.

Iturria: Oñati Irratia