Udako aisialdi eskaintzari erantzuteko 90 lagun kontratatuko ditu udalak

2019/06/24
Card image cap
Gehienak begirale arituko dira udaleku irekietan

  Aldi baterako kontratazio laburrak dira udalak garai honetan egiten dituenak, udako aisialdi eskaintzei aurre egin ahal izateko. Hala, hilabete exkaxeko lan kontratuak izaten dira eta orduka, edo jardun erdirako, egiten direnak. Gaur esaterako, 13 kirol begirale hasi dira lanean, uda kanpainari dagozkion ikastaroak ematen. 17 kirol jardun dira uda kanpainako lehen txandan, edo txanda bakarreko eskaintzan martxan jarri direnak, guztira, 856 lagun arituko direlarik. Haurren patinajea, tenis, mini-tenis, golfa eta zunba txiki dira ekintza jendetsuenak. Ikastaro hauek antolatu eta emateko udalak kontratatu dituen 13 begiraleak, uztailaren 19ra arte arituko dira lanean. Kasu bakoitzean emango dituzten ikastaroen araberako ordu kopurua kontuan hartuta egin zaie kontratua.

  Baina kontratazio handiena, udaleku irekietan arituko diren begiraleei dagozkiena da, 73 lagun arituko baitira horretan. Hilabeterako, uztailerako, eta jardun erdiko kontratua egingo zaie datorren astelehenean hasita.  Udalekuak berez uztailaren 26an amaituko dira baina aurrez egin diren formazio saioak ere ordainduko dizkie udalak. Arte udalekuetan jardungo duten 4 begiraleei ere kontratu berbera egingo zaie.

  Udaleku irekiak eta arte udalekuak inoizko jendetsuenak izango dira, bai begirale aldetik eta baita, noski, partaideen aldetik ere. Eltzian egingo diren Arte udalekuetan 9 eta 16 urte bitarteko 69 lagunek parte hartuko dute. Udaleku irekietan berriz, 4-12 urte bitarteko 651 haur inguru elkartuko dira, gaztetxoenak Gaztelekuan eta nagusienak Zuazola institutuan.

  Herriko gazte askorentzat lehen kontratua izaten da udalak aisialdi ekintzak aurrera eraman ahal izateko egiten dien hauxe eta udan diru apur bat irabazteko bidea ematen diena, bestalde.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!