Uda kanpainarako kirol begirale izateko izena eman duten 24 lagunetatik 22 onartu dira.

2014/06/04
Baztertu diren biek ez zuten eskatutako formaziorik. Onartu eta baztertuen zerrendak eta onartutakoek egiaztatutako merituen araberako puntuazioa ikusgai dago udaletxeko iragarki taulan eta udal web gunean.

  Aldi baterako kirol begirale lan eskaintza berezia da. Puntuala, Uda kanpainako eskaintzari aurre egin ahal izateko hilabete eskaxeko kontratazioak egiten direlako eta ikastaroen araberako ordutegi dedikazioarekin. Baina bereziak ere badira, erakutsi edo gidatzen den kirolaren arabera zerbitzu orokorreko eta espezifikoko begiraleak bereizten direlako. Espezifikoak, eskalada, montain bike, patinaia eta xakea dira. Hauetarako, formazioa ez ezik, esperientzia izatea eskatzen da.  

  Hala, gaur argitaratu diren zerrenda-tauletan begirale izateko eskaera bete dutenak, zerbitzu orokorreko nahiz espezifikorako onartu edo baztertuak izan diren zehazten da. 24 eskaera jaso ziren baina 2 baztertu egin dira eskatutako formazioa ez dutelako egiaztatu. Onartu diren 22 horietatik ere, batzuk, kirol espezifikoren bat irakasteko zerrendatik kanpo utzi dira, kasu honetan, esperientzia ez dutelako egiaztatu. Dena den, erreklamazioak aurkeztu edo akatsak zuzentzeko hiru eguneko epea dago. Zapatuan, ekainaren 7an amaituko da epe hori.

  Kirol begirale izateko onartu diren hautagaien merituak ere baloratu dira eta bakoitzak lortutako puntuazioa argitaratu da, kasu honetan ere, zerbitzu orokorretarako nahiz espezifikoetarako zerrendak berezituz. Puntuazio horrekiko erreklamazio edo zuzenketarik eskatu nahi duenak ere, zapatura arteko epea du horretarako.

  Onartu eta baztertuen zerrendak eta onartutakoek egiaztatutako merituen araberako puntuazioa ikusgai dago  udaletxeko iragarki taulan eta udal web gunean.

  Oraindik ez dakigu zenbat kirol begirale kontratau beharko diren. Uda kanpainarako 1.135 eskaera jaso dira kiroldegian, baina horiek kirolaren eta ordutegiaren arabera zerrendatu behar dira zenbat begirale eta zein kiroletarako kontratatu beharko diren zehazteko. Hautatuak diren begiraleak, ekainaren 19an kiroldegian egingo den prestakuntza saiora derrigorrean joan beharko dute.

Iturria: Oñati irratia