Txanda elkarteak udako stock azoka egingo du ostiral eta larunbatean

2018/09/10
21 dendek parte hartuko dute "Azken txanpa" outlet azokan

  Aurreko urteetan bezala beherapen bereziko produktuen erakusketa denda atarietan jarriko da. Parte hartzen duen dendari bakoitzak lokal aurrealdera aterako ditu likidatu asmo dituen udako azken produktuak. Horrek, zenbait gunetan, promozio produktuak kalearen ezker-eskuman jartzea ekarriko du, kalea bera estutuz. Hori ez da aparteko arazoa oinezkoentzat nahikoa leku dagoenean, baina bai, bidea, autoekin partekatu behar denean. Horregatik, eta kasu honetan ere aurreko esperientzia errepikatuz, Kale Barria eta Kale Zaharreko zamaketa ordutegia egokitzea erabaki da, merkatarien eskariz. Ostiralean zamaketa lanak ohiko ordutegian egin ahal izango dira, 8:00etatik 12:00etara eta dendariek, eguerditik aurrera eta arratsaldean aterako dituzte produktuak kalera. Zapatuan berriz aipatu bi kaleak ez dira trafikorako irekiko eta egun osoan oinezkoentzat izango dira soilik. Hori Kale Barrian eta Kale Zaharrean esan bezala, baina outlet azoka hau, herriko beste zonalde batzuetan dauden dendetara zabaltzen da eta horietan ez da inolako trabarik izango produktuak kalera ateratzeko.

  Erosleek deskontu eta eskaintza paregabeak jasotzeko aukera izango dute emakume, gizon eta haur modan, lentzerian, mertzerian, osagarrietan, oinetakoetan, etxeko tresneria, optika eta abarretan. Izan ere, produktu aukera zabala eskaintzen duten 21 dendek parte hartuko baitute Azken txanpa izeneko outlet azoka honetan.

Iturria: Oñati Irratia