Txaketuaneko bidegurutzea oinezko gune izango da eguneko 19 ordutan aurrerantzean

2017/03/15
Gaur abiatu den esperientzia pilotuaren haritik, mugikortasunaren inguruko datuak eta asmo berriak aurkeztu dira

  Iragarri bezala,12:00etan Txaketuaneko bidegurutzea oinezko gune bihurtu da eta hala jarraituko du bihar, 7:15ak arte. Hala errepikatuko da aurrerantzean astelehenetik larunbatera. Domeka eta jai egunetan berriz, egun osoz egongo da trafikorako itxita. Gaur indarrean sartu den esperientzia hiru hilabetez frogatuko da. Ondoren, baloratu egingo da eta jarraitu ala ez erabaki beharko dute udal arduradunek.

  Zazpibidietako bidegurutzea oinezko gune bihurtzeko eguna aprobetxatu du gobernu taldeak mugikortasuna hobetze aldera azken hilabeteotan hartu diren neurriak errepasatu eta datozenak aurreratzeko. Atzeko kalearen behealdea eta Ramon Irizar kalea oinezko bihurtzeko lanak egin dira eta txandakako eta bertakoen aparkaleku sistema martxan jarri da. Txandakako aparkalekuen erabilera jada barneratu egin dela adierazi du Irati Etxeberria zinegotziak eta sistemak indarrean daramatzan 3 hilabeteetan ia 30.000 aparkaleku tiket jarri dira. Gunez gune, Portu kalekoa da erabiliena. Txandakako aparkalekuez gain, bertakoentzako guneak ere berezitu dira Aita Mortara eta Bidebarrieta inguruetan eta horietarako 157 baimen txartel banatu dira. Aparkalekuen harira, egun indarrean den ordenantzan hainbat zuzenketa egingo direla aurreratu du Etxeberriak.

  Herribusa ere azken hilabeteotan martxan jarri den zerbitzu berria da. Tokiko garraio publiko honen erabilera errotzen ari dela adierazi du Hirigintza eta Zerbitzu batzordeburuak, hilabetez hilabete erabiltzaileen kopurua gora baitoa eten gabe. Otsailean, esaterako 3330 bidaiarik erabili zuten. Gogoratu, oinezkoekin batera, Herribusa, ikastetxeetako autobusak eta bizikletak izango direla, datozen orduetan eta Txaketuaneko bidegurutzea oinezko gune den ordutan bertatik pasatu ahal izango diren bakarrak. Erdiguneko pasabide honen oinezkotzearen helburuak laburbildu ditu Irati Etxeberriak: oinezkoen guneak elkartuz, oinezkoentzat espazioak irabaztea; segurtasuna eta bizigarritasuna hobeto; adin eta mota guztietako herritarren bizi-kalitatea hobetu eta bertako merkataritza sustatzea.

  Aurrera begira berriz, beste hainbat neurri hartuko dira beti ere, herritarren mugikortasuna hobetze aldera. Oinezko guneetara motordun ibilgailuak sartu ez daitezen, pibote hidrauliko berriak jarriko dira Ramon Irizar kalean, Atzeko kalearen hasieran, San Anton kale amaieran eta Portu kalek eta kale Barriak bat egiten duten inguruan, Laboral kutxa inguruan. San Lorentzo-Ugarkalde arteko bidegorri zatia egiteko lanak martxo akaberan hastea aurre ikusten da eta oinezko eta bizikleten elkarbizitzarako dekalogoa lantzen ari dira.

Iturria: Oñati Irratia

Irati Etxeberria gaurko prentsaurrekoan