Sozioekonomia arloko gaiak nagusi izango dira gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2021/03/11
Dirulaguntzak eta Singular Dendak programaz arituko dira, besteak beste

  Sozioekonomia batzordeak kudeatzen dituen hainbat digulaguntzen oinarriak aztertu eta aurtengo deialdia egitea proposatuko da arratsaldeko gobernu batzarrean. Enpresa berriak sustatzeko dirulaguntzak eta langabetuak kontratatzeko dirulaguntzak dira, konkretuki, jorratuko direnak.

  Gehienez urtebeteko antzinatasuna duten eta Oñatin kokatzen diren enpresa jarduerak lagundu ohi ditu udalak, sortutako lanpostu kopuruaren araberako dirulaguntza emanez. Aktibitatea lehenengo sektorean sortuz gero, laguntza bikoiztu egiten da. Hori, orain arte, baina baldintza edo oinarriak aldatu behar diren, eta hala bada zertan aldatu, eztabaidatuko da arratsaldeko bileran, aurtengo deialdia egiteko erabakia hartzearekin batera.

  Langabetuak kontratatzen dituzten herriko enpresek ere udalaren dirulaguntza eskuratu dezakete.  Egoitza soziala eta jarduna Oñatin duten eta 50 langile baino gutxiagoko enpresa txiki edo mikroenpresei zuzendutako dirulaguntzak dira, eta gutxienez sei hilabeterako egiten den lanaldi osoko kontratu bakoitzeko ematen dira. Aurtengo deialdiari argi berdea ematea eskatuko zaio gobernu taldeari.

  Singular Dendak programari 2021ean jarraipena emateko Gipuzkoako merkataritza Federazioarekin hitzarmena berritzeko proposamena ere aztergai izango da gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean.

Iturria: Oñati Irratia