Soraluzen atzo izan zen hilketa matxista salatzeko kazerolada deitu du Oñatiko Sare Feministak

2020/03/17
Astebeteko epean Euskal Herrian hil duten hirugarren emakumea da

  Octavia Gomezen hilketa matxista salatu nahi da lapiko jotze horrekin. 74 urteko emakumea aurpegian kolpe handi bat zuela hilda topatu zuten ertzainek atzo goizaldera, Soraluzeko bere etxean. Aurrez, dei bat jaso zuten eta lekura iritsita gizon bat topatu zuten kalean, eta hark esan zien bere etxean norbait hilda zegoela eta atea irekita utzi zuela. Emakumearen hilotza aurkitu ondoren ertzainek aipatu gizona, hildakoaren semea, atxilotu zuten.

  Hilketa matxista hau salatzeko, eta etxetik irten ezin denez, balkoira edo leihora lapikoa eskuan hartuta atera eta jotzea eskatu du Oñatiko sare feministak, atzo Soraluzeko bizilagunek egin zuten bezala. Kazerolada 21:00tarako deitu da.

  Era berean, gertaeraren inguruko idatzia zabaldu du Euskal Herriko Emakume Mundu Martxak, astebeteko epean Euskal Herrian hiru emakume indarkeriaz hil dituztela gogora ekarriz eta etxeetan geratzeko aginduak emakume askoren egoera okertu duela azpimarratuz. Hala, Madrilgo gobernuak hartutako neurria salatzen du, emakumeen egoeraren errealitateari ez diolako erantzuten, ez dagoelako emakumeek bizi dituzten zirkunstantzien mailan eta ez direlako emakumeak kontuan hartu, ez zaintzaren gaian ezta indarkeria matxistaren prebentzioan ere.

  Soraluzeko hilketa matxista salatzeko kazerolada 21:00tan egingo da, Oñatin bezala, Euskal Herriko beste herrietan ere

Iturria: Oñati Irratia