Singular Dendak programari jarraipena emateko hitzarmena berritu du Udalak

2021/04/28
Herriko hiru komertzio ari dira formazio eta marketing-a lantzen, Merkatari Federazioarekin

  Singular dendak egitasmoaren helburua  tokian tokiko denden lehiakortasuna hobetzea da. Horretarako, saltzaileen konpetentziak, saltokia eta erakusleihoak eta komunikazioa hobetzeko tresnak lantzen dira. Hainbat formazio saio egiten dituzte dendariek eta aholkularitza partikularra ere jasotzen dute.

  Programa Gipuzkoako Merkatari Elkarteak 2014an sortu zuen eta 2017an Debagoienera zabaldu zen, Arrasate eta Oñatiko udalen lankidetzaz. Azken hiru urteetan luzatuaz joan da lankidetza eta horren haritik, Oñatiko zortzi komertziok Singular denda izendapena dute gaur egun eta beste hiru bide horretan lanean ari dira jada.

  Orain arteko lanari segida eman asmoz, udalak lankidetzan jarraitzea erabaki du eta Singular dendak programa babestuko du 2021ean ere, 3.000 euroko ekarpen ekonomikoa eginez. Aurtengo lanak hiru ardatz bilduko ditu: Singular dendak programaren edizio berria martxan jarri, bereizgarria duten Singular dendei zuzendutako ekintzak gauzatu eta bereizgarri hori herrian ezagutzera emateko ekintzak egin.

Iturria: Oñati Irratia