Singular dendak programaren aurkezpena on line egingo da bihar

2020/10/28
Card image cap
Herriko dendariak aurkezpen bileran parte hartzera gonbidatu ditu Udalak

  Gutun bidez jakinarazi zaie herriko merkatariei Singular dendak programa berriaren aurkezpena bihar arratsaldean egingo dela. Era berean udalak diruz lagundutako ekimena dela ere zehazten da, Oñatiko dendek parte hartzeko aukera izan dezaten. Aurkezpena telematikoki egingo da Zoom plataforma erabiliz, indarrean dauden neurri mugatzaileak gogoan hartuta. Saioa bihar 14:30tan egingo da baina parte hartzeko konfirmazioa eskatzen da, 943 425557 telefonora deituta edo singulardendak@fmg.es helbidera mezua bidalita. 

  Singular dendak egitasmoaren helburua tokian tokiko denden lehiakortasuna hobetzea da. Horretarako, saltzaileen konpetentziak, saltokia eta erakusleihoak eta komunikazioa hobetzeko tresnak lantzen dira. Hainbat formazio saio egiten dituzte dendariek eta aholkularitza partikularra ere jasotzen dute.

  Gipuzkoako Merkatari Elkarteak 2014an sortu zuen programa 2017an zabaldu zen Debagoienera, Arrasate eta Oñatiko udalen lankidetzaz. Azken hiru urteetan luzatuz joan da lankidetza eta horren haritik, Oñatiko sei komertziok Singular denda izendapena dute gaur egun eta beste bost kide horretan lanean ari ziren azken hilabeteetan.

  Aurtengo lanak hiru ardatz bilduko ditu: Singular dendak programaren edizio berria martxan jarri, bereizgarria duten Singular dendei zuzendutako ekintzak gauzatu eta bereizgarri hori herrian ezagutzera emateko ekintzak egin. Aipatu hiru ardatzetatik oinarrizkoa da merkatari berriak animatu eta parte hartzeko bidean jartzea. Hauekin, fase ezberdinak betetzen dira Singular denda izendapena eskuratzeko helburuarekin: diagnostikoa egiten da lehenik, hobekuntza plana zehaztu eta horretan lagunduko dion aditu batekin jarraipena egiten da eta azkenik, ebaluazioa eta errekonozimendu fasea. Baina xehetasunak, biharko aurkezpen telematiko horretan emango zaizkie.

  Udalak parte hartzera gonbidatzen ditu herriko dendariak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!