Singular Dendak 2019 programan herriko bost komertziok parte hartuko dute

2019/07/17
Hasieran onartu zuen diru ekarpena handituko du Udalak

  Oñatin Singular Dendak programaren bigarren edizioa garatzeko proposamena onartu zuen gobernu taldeak iazko irailean, aurrekontua eta Udalaren eta Gipuzkoako Merkatari Elkartearen arteko lankidetza-hitzarmena sinatzea onartuz. 

  2018-2019ko edizioari begira onartutako proposamenak hiru ardatz ditu: 2018an Singular Denda bereizgarria lortu zuten Oñatiko lau komertzioei balio erantsia eskaintzen jarraitzeko ekintzak egitea; Oñatiko komertzioei zuzenduta programa berria garatzea eta Singular Dendak bereizgarria ezagutzera emateko ekintzak egitea. Hori guztia gauzatzeko 3.000 euroko diru ekarpena egitea onartu zuen Udalak. Diru horrekin herriko hiru komertzio programan parte hartzea aurreikusten zen.

  Baina asmoa aldatu egin da. Komertzioei proiektua aurkezterakoan, parte hartzeko interesa zortzi merkatarik azaldu zuten. Hautagaitzak aztertu ziren eta baldintzak bostek betetzen dituztela ondorioztatu zuen Gipuzkoako Merkataritza Federazioak. Bost komertzio horien jarraipena egin eta zerbitzua hobetzeko aholkularitza emateko aurrekontua igo egiten da baina igoera horri aurre egitea erabaki du udalak, hasieran onartutako diru ekarpena handituz, beste 800 € gehiago bideratuko ditu.

  Singular Dendak proiektuaren helburua komertzioen lehiakortasuna hobetzea da, bakoitzaren berezitasunak azpimarratu eta balorean jarriz eta aldi berean, sektorearen dinamizazioa eta posizionamendua sustatuz. Singular Dendak ereduak lau oinarri ditu: merkataritzako pertsonak, produktua, salmenta puntua eta komunikazioa.

Iturria: Oñati Irratia

Singular Dendak bereizgarria azaroan jaso zuten Oñati eta Arrasateko dendariak