Putzu septikoak garbitzeko diru laguntzak emango ditu Udalak aurrerantzean

2016/05/20
Auzoak eta landa garapena departamentuak kudeatzen dituen programen kontura ireki den diru laguntza lerro berria da

  Auzoak eta landa garapena udal departamentuak, lehen sektorea sustatu eta berritzeko diru laguntzetarako 40.500 euro izango ditu aurten. Hauek, lau atal nagusitan banatuko dira: nekazaritza ustialekuak modernizatzeko, bertako produktuak merkaturatzeko, nekazaritza erabilerako ura ordaintzeko eta aurten lehen aldiz, putzu septikoak garbitzeko. Azken laguntza lerro hau irekiz, Udalak, hainbat baserritarrek duten behar eta eskaerari erantzun nahi izan dio, herriko saneamendu sare orokorrera lotu gabe dauden baserrietako isuriak kontrolatu ahal izateko. Diru laguntza hauetatik kanpo uzten dira nekazaritzako, abeltzaintzako eta basogintzako ustiategi edo instalazioei lortutako uren arazketa instalazioak. Udalak, putzu septikoa husteko kostuaren erdia diruz lagunduko du. Aurten zabaldu den diru laguntza lerro berri honetarako, 6.00 euroko poltsa gorde da.

  Nekazaritza ustialekuak modernizatzeko laguntza lerroaren helburua, nekazaritza-ustiategien jarraipena ziurtatzea da eta Euskadiko nekazaritzaren eta landa ingurune osoaren funtzio aniztasuna eta iraunkortasuna bermatu eta sustatzea.  Norabide horretan, Oñatiko nekazaritza ustialekuetan 2015 eta 2016an egindako inbertsioak diruz lagunduko dira. Laguntza lerro honetan sartuko dira ustialekuetako eraikin edo nabeak eraikitzea, nekazaritza makineria eta ekipoen erosketa eta baratzezaintza eta lorezaintza intentsiborako instalazioak. Bideragarritasun azterketa eta txostenak egiteko arkitekto eta ingeniarien ordain sariak ere sartuko dira. Nekazaritza ustialekuak modernizatzeko laguntzetarako, 12.000 €ko diru partida du udalak aurten. Diru laguntza hauek eskatzeko, 18 eta 65 urte artekoa izan behar da eta nekazaritza adarreko erdi edo goi mailako lanbide heziketako titulazioa izan behar da gutxienez, edo nekazaritza jardueran 5 urte baino gehiagoko eskarmentua.  Horrela, ustialekuaren etorkizuna bermatzeko oinarrizko baldintzak betetzen direla ziurtatu nahi du Udalak.

  Bertako produktuak merkaturatzeko diru laguntzen atalean, azokara baserri produktuak saltzera doazenei ematen zaien diru laguntzaz gain, kontsumo taldeei zuzendutako laguntzak ere sartzen dira. Eta auzoak eta landa garapena udal departamentuak babesten duen laugarren laguntza lerroa, nekazaritza erabilerako ura ordaintzeko da. Kasu honetan, eskaerak,  urte hasieran, urtarrilaren 1etik 15era egin ohi dira aurreko urteko ur fakturak aurkeztu behar baitira.

  Nekazaritza ustialekuak modernizatzeko eta putzu septikoak garbitzeko  diru laguntzak eskatzeko epea zabalik dago azaroaren 30era arte. Bertako produktuak azokara eramateagatik jasotzen diren diru laguntzak berriz, hiru hilabetetik behin ordaintzen dira eta horretarako, ekoizleek,  eskaera konkretua bete behar dute.

Iturria: Oñati Irratia