Ostiral eguerdira arte luzatu da erakusleiho lehiaketan herritarren botoa emateko epea

2015/12/16
Lehiaketan parte hartzen duten dendak identifikatzeko txartelekin arazoak egon dira

  Gabonen hurbiltasunak eskaparateak bereziki apaintzera eramaten ditu dendari eta zerbitzu lokalen jabeak. Guztiek ordea, ez dute parte hartzen Udalak antolatutako erakusleiho lehiaketan. Horregatik, hartarako izena ematen duten merkatariei eskaparatean, agirian, jartzeko txartelak banatzen zaizkie. Aurten arazoa izan da txartelak egiterakoan eta azkenak, gaur bertan banatuko dira. Identifikazio arazo horrek herritarren boto emate prozesua atzeratu egin du. Horregatik, bihar amaitzekoa zen epea luzatzea erabaki dute. Ostiral eguerdira arte luzatu da herritarrek botoa emateko epea.

  Erakusleiho lehiaketako sari banaketa ekitaldia larunbat eguerdian, 13.30tan egingo da Udaletxeko Areto Nagusian. Epai mahai teknikoak erabakiko dituen sei sariekin batera herritarren botoz emandakoa ere ezagutuko da. Sarituak, 500 txantxi eramango ditu, eta beren iritzia emanez parte hartu duten herritarren artean berriz, 200 txantxi zozkatuko dira.

  Botoa eman nahi duten herritarrek, Kontzejupetik aldizkariaren azken alean propio argitaratu diren orritxoak moztu eta bete ondoren udaletxeko harreran, turismo bulegoan edo sozioekonomia departamenduan, Bidebarrieta kaleko bulegoetan utzi behar dute. Epea luzatuta, ostirala, 12.00ak arteko tartea dute herritarrek gehien gustatu zaien erakusleihoaren aldeko botoa emateko.

Iturria: Oñati Irratia

VIII. eskaparate lehiaketako partaide bat