Ondarearen Europako Jardunaldiak irailaren 19an eta urriaren 17 eta 18an izango dira Oñatin

2020/09/15
"Kontaiguzu ondarea! Ondarea eta hezkuntza” lemapean bost bisita gidatu antolatu dira gurean

  Gipuzkoako Foru Aldundiak bostgarren urtez jarraian antolatu ditu Ondarearen Europako Jardunaldiok, lurraldeko hainbat herritako udal, elkarte eta kultur eragileekin elkarlanean. Irailaren 1ean hasi baina nagusiki asteburu honetan abiatuko den ekintza eskaintza azaroaren 27ra arte luzatuko da. Guztira 150en bat jarduera beteko dira Gipuzkoako 40  udalerritan, tartean,Oñatin. Larunbatean, Arrikrutzko leize lehoiarekin paleolitoan barrena bisita gidatua egingo da eta urriaren 17 eta 18an Ezagutu Oñatiko antzinako Unibertsitateko bizimodua eta Sancti Spiritus, Euskal Herriko lehen unibertsitatea izenekoak programatu dira.

  Aste honetan bertan, irailaren 19an esan bezala, Arrikrutzko leize lehoiarekin paleolitoan barrena bisita osatu da Arrikrutzeko koban. Bisitariak bertako aztarnategia ezagutuz eta leize lehoiaren laguntzarekin paleolitoan murgildu eta historiaurreko animaliak ezagutzeko parada izango du bi ordu inguru iraungo duen ekintzan. 10:00tan hasiko da eta aurrez izena ematea ezinbestekoa izango da. Horretarako aukera martxan da dagoeneko 943 082 000 telefonoan.

  Urriaren 17 eta 18an berriz Sancti Spiritus unibertsitatea izango da bisiten ardatza eta Turismo bulegoak eta Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoak elkarlanean antolatu dituzte. Oñatiko antzinako unibertsitateko bizimodua eta Euskal Herriko lehen unibertsitatea izan zen honen inguruko xehetasunak jorratuko dira bisitetan. Euskal Herriko hezkuntza erakunde zaharrena da Sancti Spiritus unibertsitatea. Noren aginduz eta nola eraiki zuten ez ezik, bertan nork  eta zer ikasten zuen, nola antolatuta zegoen edota, herriko egunerokoan nola eragiten zuen azalduko da. Gainera, unibertsitateko artxibo funtsa ere erakutsiko da Ibarrako Artxibo historikora hurbilduta. Urriaren 17 eta 18an bina bisita antolatu dira, 9:30tan gazteleraz eta 11:00tan euskaraz. Kasu honetan ere izena ematea ezinbestekoa da, Turismo bulegora deituta: 943 783 453 zenbakian.

  Kontaiguzu ondarea! Ondarea eta hezkuntza izeneko  jardunaldiotan transmisioan jarri nahi da arreta, hau da, ondarea herritarrei kontatzeak eta azaltzeak, ondarea kontserbatzeari eta gozatzeari begira betetzen duen zereginean. Halaber, hezkuntza erakundeei eta utzi diguten ondare materialari zein immaterialari balioa ematea da helburua. Aurten transmisio horretan partaide izango diren erakundeek Covid-19ak eragindako zailtasunei egin beharko diete aurre, bertaratzen diren herritarrekin batera. Ekintza guztiak ohikoak baino mugatuagoak izango dira eta aurrez izena eman beharko da, esan bezala.

  Ondarearen Europako Jardunaldiak egiten hasi zirenetik Oñatin beti izan da bisita gidaturen bat egiteko aukera eta aurten ere izango da, lehena zapatuan eta urriaren 17 eta 18an.

Iturria: Oñati Irratia