Oñatin erroldatutako 8893 lagunek bozkatu ahal izango dute etzi, hauteskunde orokorretan

2019/11/08
Errekalden bozkatzen zutenek Santa Marinako ikastetxera joan beharko dute domekan

  Hori da Espainiar Gorteetarako hauteskunde hauek gurera ekarri duten berritasuna, Errekaldeko eskola txikian jartzen zen hautes-mahaia Santa Marinako ikastetxean jarriko dela. Errekalde, Bakardadeko Ama, Mendiko Kale, San Anton eta Maiatzaren 1a plazako 4 zenbakiko bizilagunek Santa Marinako Elkar Hezi ikastetxera joan beharko dute bozka ematera domekan. Ondorioz, igandean Oñatin kokatuko diren 15 hauteskunde mahaiak lau lekutan bilduko dira: Zubikoa kiroldegian zazpi jarriko dira, Santa Marinako ikastetxean lau, eta Txiki txoko haurreskolan eta Bidaurretako dorretxe honetan, bina.

  Espainiako Kongresu eta Senaturako hauteskundeetan espainiar nazionalitatea izan eta Oñatin erroldatuta dauden 18 urtez gorakoek hartu dezakete parte. Guztira, 8893lagunek eman ahal izango dute botoa gurean.

  Bozka emateko bi koloretako zerrendak eta sobreak eskuragarri izango dira. Diputatuen kongresurakoak zuriak  dira eta aukeran, 12hautagaitza izango dira, eta beste horrenbeste salmoi koloreko Senaturako hautagaitzak. Kasu honetan zerrenda irekiak dira eta gehienez hiru hautagai aukeratu ahal izango dira, dagokien laukian gurutzea eginda. Kongresurako zerrendak berriz, itxiak dira eta alderdi baten hautagaitza osoa babestu beharko da. Zentzu horretan oharra zabaldu da Gipuzkoako Hauteskunde Batzordetik jakinaraziz etxeetara banatu diren hautes-paperak zuzenak direla. Hauteskunde orokorrak azaroak 19 idatzita duten papertxoak banatu dira eta azaroaren 10eko datarekin nahastuta, okerrak ote zirenaren zalantza sortu zuten, baina ez, Gipuzkoako Hauteskunde Batzordeak zuzenak direla argitu du.

  Gipuzkoak, lau senatore eta sei diputatu izendatuko ditu domekako hauteskundeen ondoren. Zerrendetan, bi oñatiar daude, Nerea Zubia Blazquez EH Bilduko zerrendan laugarren hautagai da eta Miren Elgarresta Larrabide, lehenengo ordezkoa EAJren zerrendan. Pasa den apirilean ere halaxe agertu ziren, alderdi gehienek orain sei hilabeteko hautagaitzak errepikatu egin baitituzte.

  Emaitzak errepikatuko ote diren ordea ikusteko dago. Apirilaren 28an egin ziren aurreko hauteskunde orokorretan botoa emateko eskubidea zuten oñatiarren % 76ak bozkatu zuen. EH Bildu izan zen bozkatuena, botoen % 40rekin. EAJk, botoen %36 eskuratu zuen, eta Podemos-Ahal duguk, % 10a.

  Hauteskundeekin erlazionatuta gogoratu, mahaiko presidente izateko izendapena duten 15 herritarrek bilera informatiboa izango dutela gaur udaletxean, 19:00tan. Bileran hauteskundeen inguruko azalpenak eta dokumentazioa emango zaie. Baina bilera, esan bezala presidente titular izendapena jaso duten 15 lagunentzat izango da bakarrik, ez ordezko ezta bokalentzat ere.

Iturria: Oñati Irratia