Oñatin erroldatutako 8877 lagunek dute udal hauteskundeetan botoa emateko eskubidea

2019/05/24
19 gutxiago dira Batzar Nagusietarako bozkatu ahal izango dutenak

  Horixe baita igandeko hitzorduaren berezitasuna, hiru bozketa aldi berean egingo direla: udal hauteskundeak, Batzar Nagusietakoak eta Europar Parlamentukoak. Botoa emateko eskubidea dutenak berriz, ezberdinak dira hauteskundeen arabera: Batzar Nagusiak aukeratzeko hauteskundeetan Euskadin bizilekua duten atzerritarrek ezin dute botorik eman, bai ordea, udal hauteskundeetan eta Europar Parlamenturakoetan, baldin eta, Europar Batasuneko kide diren herrialderen batean jaioak badira eta Oñatin erroldatuta badaude, edota Europar Batasunetik kanpoko atzerritarrak izanik ere, beren herrialdeak Espainiarekin akordio berezia baldin badauka, eta noski, Oñatin erroldatuta badaude. Beraz, igandean gurean zabalduko diren hauteskunde mahaitan hautesle zerrenda bana izango dute baina bereziki adierazita egongo da udal hauteskundeetan, Batzar Nagusietan eta Europar Parlamentuko hauteskundeetan nortzuk bozkatu dezaketen.

  Era berean, boto lekuetan kolore ezberdineko papeleta eta sobreak topatuko ditugu: zuriak, udal hauteskundeetarako; sepia edo laranja argia, Batzar Nagusietarako eta urdinak, Europar Parlamenturako. Udal hauteskundeetarako hautagaitzak hiru dira Oñatin: EH Bildu, EAJ eta PSE-EE. Batzar Nagusietarako eta guri dagokigun Deba-Urola barrutirako 5 hautagaitza: ia aipatutako EH Bildu, EAJ eta PSE-EE eta Partido Popular eta Elkarrekin podemos. Europar Parlamenturako hautagaitzak berriz, dezentez gehiago dira eta estatu osorako, 32 hautagaitza, hain zuzen ere. Kasu guztietan zerrendak itxiak dira eta alderdi edo koalizio batek aurkeztutako zerrenda osorik hautatu eta bozkatuko da. Udal hauteskundeetan, Oñatin, udalbatza osatuko duten 17 lagunak hautatuko ditugu, Batzar Nagusietan, Deba-Urola barrutiak izango dituen 14 ordezkariak, eta Europar Parlamenturako aldiz, Espainia ordezkatuko duten 54 diputatuak.

  Zubikoa kiroldegian, Santa Marinako ikastetxean, Errekaldeko eskola txikian, Txiki txokon edota Bidaurretako dorretxean bertan kokatuko diren 15 hauteskunde mahaiak ireki bezain pronto, posta bulegoan gordeta dituzten botoak banatuko dira.  Gogoratu, gaur, 14:00tan amaituko dela botoa postaz emateko aukera.

  EH Bildu zein EAJko udal hautetsiek igandean bozkatzera joateko dei berezia egin dute. Orain lau urte % 68,5eko partaidetza izan zen Oñatin. Igandean zenbatekoa den 20:00tatik aurrera jakingo da. Botoen kontaketa berriz, hauteskundez hauteskunde egingo da: Europar Parlamentukoak lehenik, udalerako bigarrenik eta Batzar Nagusitakoak azkenik.

  Hauteskundeekin erlazionatuta gogoratu bestalde, domekan mahaiko presidente izateko izendapena duten 15 herritarrek bilera informatiboa izango dutela gaur arratsaldean. Bileran azalpenak eta dokumentazioa emango zaie. Udaletxean, 19:00tan hasiko den bilera horretara presidente titular izendapena jaso duten 15 lagunek bakarrik joan behar dute, ez ordezko ezta bokalek ere.

Iturria: Oñati Irratia