Oñatin 4.271 garaje dago eta 82k, ibi iraunkorra edo vado txapa dute

2020/09/07
Gaur ireki da garaje, hilerri eta ibi iraunkorrari dagozkion udal tasak ordaintzeko epea

  Datozen egunotan jasoko dute aipatutako tasen ordainketa helbideratu gabe dutenek hilabete eta erdiz luzatuko den borondatezko ordainketa epea eta dagokien tasaren berri ematen duten gutunak. Gehienek, hala ere, udal tasa hauen ordainketa helbideratuta, domiziliatuta dute eta kasu honetan, ordainketa gauzatu denaren agiria aurrezki kutxa edo banketxetik jasoko dute. Azkeneko ordainketa egunean, urriaren 15ean  egingo da zerga honen kargua, udal arduradunek jakinarazi digutenez.

  Hiru dira hilabete eta erdi honetan zehar kobratuko diren udal tasak. Kopuruz ugarienak garaje eta hilerri tasak dira. Hauekin batera, zenbait garaje eta lokal sarrera libre gordetzeko emandako IBI iraunkorrari dagozkion tasak daude.
Garaje tasa, 4.271 jabek ordaindu beharko dute. Dirutan, tasa honen kobrantzatik, udalak, ia 90 mila euro jasoko ditu. Kopuruz askoz gutxiago izanagatik, proportzioan diru sarrera handiagoa suposatzen duen tasa ibi iraunkorrari dagokio. Udalak, halako 82 ditu erroldatuta, iaz baino bi gutxiago. Ibi iraunkorrari dagokio tasa ordainketatik 11.000 euro pasa jasoko ditu. Hilerri tasa erreziboak, berriz, 1.364 dira, iaz baino hiru gehiago. Kasu honetan, tasa txikiagoa da, merkeagoa, eta udalari, 6.600 euro pasako diru sarrera ekarriko dio. Guztira, gaur abian jarri den hiru tasa hauen kobrantzatik, udalak, ia 108 mila euro jasoko ditu. Garaje, hilerri eta ibi iraunkorrari dagozkion udal tasak ordaintzeko borondatezko epea urriaren 15era arte luzatuko da.

  Bide batez gogoratu Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga ordaintzeko borondatezko epea irailaren 25ean amaituko dela. Maiatza-ekaina bitartean izan ohi den ordainketa epea abuztu-irailera atzeratu zen, Covid-19ak hala eraginda. Borondatezko ordainketa irailaren 15era arte izango zela iragarri zen hasieran baina erreziboa helbideratu gabe dutenei irailaren 25eko epea zehaztu zitzaien. Beraz, egun hori, hilaren 25a izango da denontzat Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga ordaintzeko azken eguna. Helbideratuta dutenei, dena den, kargua, 15ean egingo zaie.

Iturria: Oñati Irratia