Oñatin 36 taberna edo lokal terraza daude

2020/10/15
Ostalariek, bide publikoa okupatzeagatiko udal tasa ordaindu beharko dute gaurtik azaroaren 25a arte

  Ostalarientzat arnasbide izaten ari dira terrazak, Covid-19ari aurre egiteko lokalen edukiera mugatu eta jesarrita kontsumitzea agindu baita. Konfinamendua arindu eta ostalaritza lokalak berriro irekitzen hasi zirenetik espazio publiko asko okupatzen joan dira. Udalak gainera, mahai arteko distantzia ziurtatzeko, terrazen zabalera handitzeko aukera eman zien ostalariei. Iaz, esaterako, 34 terraza tasa kobratu ziren, aurten bi gehiago izango dira.

  Bide publikoa okupatzeagatiko tasa uztailean kobratu ohi da, baina pandemiak hala eraginda, hiru hilabetez atzeratzea erabaki zuen Udalak, borondatezko ordainketa epea gaur hasi delarik. Era berean, konfinamendua dela eta lokala itxita eta ondorioz terraza muntatu gabe izan zituzten egunak kontuan hartu eta tasatik dagokien proportzioan murriztu egin zaie herriko ostalariei. Horretarako, zein egunetan itxi eta ireki zuten jakinarazi behar izan diote udalari.

  Mahai eta aulkiak jarriz bide-publikoa okupatzeagatiko tasaren kobrantzatik 13.205 euro jasoko ditu udalak aurten. Ostalari gehienek helbideratuta dute ordainketa eta kargua astelehenean, urriaren 19an, egingo zaie. Gainontzekoei gaur bertan bidali zaizkie ordainketa-gutunak, borondatezko ordainketa epea azaroaren 25ean amaituko dela azpimarratuta. 

  Udal tasak aipatzen ari garelarik, gogoratu, garaje, hilerri eta ibi iraunkorrari dagozkion udal tasak ordaintzeko borondatezko epea gaur amaitzen dela eta ordainketa helbideratuta zutenei, kargua, gaur bertan egin zaiela. Hiru tasa hauen kobrantzatik, udalak, ia 108 mila euro jasoko ditu.

Iturria: Oñati Irratia