Oñatiko txakolindegien partaidetzarekin egingo da Debagoieneko VI. Txakolin Eguna

2019/07/12
Uztailaren 20an izango da Arrasaten

  Eskualde mailan Oñati gune esanguratsua da txakolinaren ekoizpenean. Ondorioz, herriko txakolindegien partaidetza betidanik egon da Debagoienako Txakolin Egunean. Uztailaren 20an ospatuko den seigarren aldian ere herriko ekoizleak protagonista izango dira. Eskualdean ekoitzi eta Getariako Txakolinaren Jatorrizko izendapena duten hiru txakolin dastatzera emango dira, Arrasateko Otxia eta Oñatiko Belaskua eta Murgialdai.

  Debagoieneko VI. Txakolin Eguna Arrasaten, hilean behin egin ohi den  baserriko produktuen azokaren baitan ospatuko da, hurrengo zapatuan alegia. Lehen orduan, OTXIA, BELASKUA eta MURGIALDAI txakolinak dastatu eta erosi ahal izateko postuak jarriko dira. 12:00etan Arteaga jatetxeko Maider Larrañagak txakolin dastatzea gidatuko du, txakolin desberdinen ezaugarriak ezagutu eta hauek bereizten ikasteko dastatzea egingo du. Eguerdi partean baita ere, Debagoieneko hanburgesen pintxoak dastatzera emango dira. Debagoieneko VI. Txakolin Egunari dagokion egitaraua uztailaren 21ean egingo den bisita gidatuaz osatuko da. Arrasateko Artazubiaga baserrira bisita egingo da Otxia txakolinaren ekoizpena bertatik bertara ezagutzeko. Bai bisita gidatu hau egiteko, baita Maider Larrañagak zuzendutko duen dastatze ekitaldian parte hartzeko ere, aurrez izena eman behar da, Debagoieneko turismo departamentura telefonoz deituta: 943 796 463 

  Debagoieneko VI. Txakolin Eguna garaiko eta bertako produktuak sustatzeko helburuarekin antolatu dute Debagoieneko Mankomunitateko Turismo Departamentuak, Deba Garaia Landa Garapenerako Elkarteak, Eusko Jaurlaritzak eta Arrasateko Udalak.

Iturria: Oñati Irratia