Oñatiko Natur Eskolatik ia 4600 ikasle pasatu ziren 2014-2015 ikasturtean

2015/11/26
Erdiak kasik herrikoak izan ziren

  Natur Eskola zuzentzen duen Tantai Naturlanak enpresak 2014-2015 ikasturtearen balantzea aurkeztu berri dio Udalari. Aurreko ikasturtean, 4551 ikasle igaro ziren Natur Eskolatik, zentroak eskaintzen dituen programa ezberdinak landuz. Adinaren arabera eta eskola kurrikuluma oinarri hartuta, hezkuntza eskaintza zabala egiten du Natur Eskolak, gelan sarritan teoria mailan ikasten dena, aktibitate eta bisita ezberdinen bitartez praktikan eta bertatik bertara ikasteko aukera eskainiz.

  Natur Eskolan kanpoko nahiz herriko ikasleak hartzen dituzte. Hala, 2014-2015 ikasturtean bertatik pasatu ziren kasik erdiak oñatiarrak izan ziren, 2205 ikasle, hain zuzen ere.

  Natur Eskolako eskaintza doan da herriko ikastetxeentzat baina kanpotik datozenek 4 € ikasleko ordaindu behar dute. Iazko bisita balantzearekin batera, diru kontuen berri ere eman dio Tantai enpresak Udalari, kanpotik etorritako ikasleen kuotetatik 9.384 euro jaso zituztela jakinaraziz. Diru kopuru horren erdia Udalaren kontuan sartuko du Tantai enpresak, otsaila-martxoan ospatu ohi den Ingurumen Astean hobekuntzak egin ahal izateko.

  2014-2015 ikasturtean, 4551 ikasle izan zituzten Natur Eskolan esan bezala, eta aipagarria da asko, kurtsoko azken hiru hilabetekoan etorri zirela. Eskurtsio eta irteerak pilatzen diren apiriletik ekainera bitartean, ia 2200 lagun izan zituzten Natur Eskolan. Gehienak, hori bai, kanpotik etorritakoak. Hiruhilabeteko horretan herriko 84 lagun bakarrik hurbildu baitzitzaizkien. Eta alde horretatik esanguratsua da, Natur Eskolak eta herriko ikastetxeak, bisitak, ikasturteko lehen hilabeteetan egiten saiatzen direla, alegia, kanpoko bisitaldiak urriagoak direnean. Eguraldia gainera, garai horretan ez da hain segurua izaten eta herriko ikastetxeek, azken orduko aldaketak egin eta eguraldi iragarpenen araberako bisitak programatzeko aukera dute.

Iturria: Oñati Irratia

Ikasle-irteera Natur Eskolakoekin