Oñatiko ikasleek nekazaritza kultura indartzeko proposamenak aurkeztu dizkiete udal ordezkariei

2020/06/25

  Oñatiko ikastetxe guztiek parte hartzen dute Eskolako Agenda 21ean, garapen iraunkorraren aldeko apustua eginez. Ikasturte bakoitzean gai ezberdin bat jorratzen dute, eskola zein herria hobetzeko proposamenak eginez eta eguneroko bizitzan martxan jarri ditzaketen konpromisoak hartuz. 2019-2020 ikasturtean nekazaritza kultura aztertu dute eta nekazaritzaren bilakaera, baserriko lanak, nekazarien beharrak edo bertako ekoizleak sustatzeko beharraz hausnartzeko aukera izan dute.

  Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Lanbide Heziketako ikasleei adinaren arabera egokitutako material didaktikoak eskaini zaizkie errealitate ezberdinak ezagutu eta garapen iraunkorraren bidean pausoak emateko helburuarekin. Horrela, Oñatiko ikastetxeetako 2.000 ikasle baino gehiagok gaur egungo errealitatea aztertu eta udalerriaren egoera hobetzeko proposamenak garatu dituzte. Udalerriko 4 ikastetxek hartu dute parte 2019-2020 ikasturteko Eskola Agenda 21 egitasmoan: Errekalde LHI, Elkar Hezi Ikastetxea, Txantxiku Ikastola eta R.M.  Zuazola-Larraña BHI.

  Ikasturtea oso berezia izan da, COVID19ak eragindako osasun krisialdiarengatik. Horrela, lan metodologia egokitu eta aurrez aurreko bilerak modu telematikoan bideratu dira. Ikasleen iritzia jasotzeko online inkestak eskaini dira, eta proposamenak zein konpromisoak udal ordezkariei aurkezteko helburuarekin bideo bat osatu da. Modu honetan, ikasleek konfinamendu garaian haien etxetik bideoak grabatu dituzte.

  Bideo hauen bitartez nekazariek, ekoizleek eta baserriek bizi duten egoera hobetzeko irtenbide ezberdinak aurkeztu dituzte Oñatiko ikasleek. Nekazaritza kulturaren inguruko herri diagnostikoan topaturiko gorabehera guztien berri emateaz gain, antzemandako gabeziak zuzentzeko proposamenak luzatu dizkiete udal ordezkariei.

  Modu berean, Oñatiko alkateak eta zinegotziak proposamen bakoitzari erantzuna eman diote, herrian burutu diren ekintzak azalduz eta etorkizunera begira Udalaren egitasmoak ezagutzera emanez.

  Arazi enpresako lantaldeak udalerriaren diagnostikoa egiteko material didaktikoak diseinatu, Udala eta eskolen arteko harremanak bideratu eta baliabide telematikoak eskaini ditu. Azkenik, eguneroko bizitzan martxan jarri daitezkeen ohitura onak jasotzen dituen dekalogoa sortu eta ikasleei banatu zaie ikasturtean zehar harturiko konpromisoak gogoan izan ditzaten.

  Datorren ikasturtean bide honetan aurrera egin eta Eskolako Agenda 21etik Eskolako Agenda 2030era trantsizioari ekingo zaio Oñatiko eskoletan. Horrela, Garapen Iraunkorreko Helburuak landuko dira adin guztietako ikasleekin, honako leloarekin Ikastetxe iraunkorrak herri iraunkor batean.

Iturria: Oñati Irratia

Ikasleek adostutako hamar konpromisoak