Oñatiko akordeoi-jole batek parte hartuko du asteburuan Arrasaten egingo den XXVIII. akordeoi jaialdian

2015/11/30
Jose de Azpiazu musika eskolako ikasleak ia urtero joaten dira

  Oihane Lazkanoiturburu da bosgarren urtez jada Arrasateko akordeoi jaialdian parte hartuko duen oñatiarra. Aurreko lau urteetan urrezko domina jaso du eta aurten, ahalik eta hoberen jotzeko asmoarekin doa. Baina garbi izanda, akordeoi jaialdiaren helburua ez dela lehiatzea, ikasturtean landutako trebezia publiko aurrean erakustea baizik.

  Oihane Lazkanoiturburuk, C kategorian parte hartuko du. Kategoria, adinaren araberakoa izaten da. Nagusienetakoak dira C mailan parte hartzen dutenak eta eskaini beharreko errepertorioa luzeagoa eta konplexuagoa ere izaten da. Lazkanoiturburuk hiru pieza joko ditu. Oñatiarrak, zapatuan, 14.00etan joko du Arrasateko Kulturaten. Guztira, ia 300 haur eta gaztek parte hartuko dute.

  Baina ostiralean hasi eta domekara arte, beste bi lehiaketa jokatuko dira Arrasaten: XXXVI. Gipuzkoako akordeoi lehiaketa eta Arrasate Hiria Nazioarteko XXIII. akordeoi lehiaketa. Lehiaketa nagusi honetan, nazioarteko 13 akordeoilarik hartuko dute parte.

Iturria: Oñati Irratia

Oihane Lazkanoiturburu akordeoi irakaslearekin