Oñatiarren partaidetza berezia Gipuzkoako 50. Artzain Txakurren Txapelketan

2018/08/30
Migel Arregik, Jose Mari Bengoak eta Jose Luis Madinabeitiak parte hartuko dute

  Legazpiko Urtatzako zelaian bilduko diren zortzi artzain txakurretik bost oñatiarren esanetara lehiatuko dira, igande arratsaldean. Azken urteetan horretan diharduten Migel Arregi eta Jose Mari Bengoak bina txakur eramango dituzte eta Jose Luis Madinabeitiak beste bat. Azken hiru urteetan Jose Mari Bengoaren Eder txakurrak irabazi du Gipuzkoako txapelketa. Igandean Legazpiko zelaian izango da berriro. Gipuzkoako txapeldunak irailaren 23an Oñatin aritzeko txartela jasoko du.

  Gipuzkoako 50. artzain txakur txapelketa Legazpiko igandeko ospakizunen amaierako ekitaldia izango da. Goizean zehar, Gipuzkoako artzain gaztaren lehiaketa, latxa arrazako ardi eta ahari erakusketa, ardi okela gertatzearen lehiaketa, ardi mozte erakusketa eta artzainei eskainitako omenaldiak egingo dira. Aipagarria da gainera, omenaldien atalean Euskal Herriko Artzain Txakur Elkartea bera omenduko dela, urtez urte egin duen lanaren errekonozimendu gisa. Elkarte honetan, oñatiar askok lan egin dute eta egiten dute oraindik.

  Migel Arregi eta Jose Mari Bengoa Katalunian izan ziren asteburuan, Bartzelonako Castellar de n’Hugeko txapelketan Euskal Herria ordezkatzen. Bengoaren Eder txakurra hirugarren sailkatu zen eta Arregiren Argi zortzigarren. Argik gainera, artzain txakur arraza onenaren saria jaso zuen.  Igandean, biak, beste sei txakurrekin batera, Legazpin lehiatuko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Bengoa eta Arregi Katalunian