Oñati eta Arantzazu arteko autobus zerbitzuaren udako ordutegia domekan sartuko da indarrean

2016/03/29
Oñatitik 15.30 eta 16.30tan irteten diren autobusak Arrikrutza sartuko dira baldin eta bidaiariren batek hala eskatzen badu

  Horixe da domekan martxan jarriko den udako autobus zerbitzuak izango duen berritasun nagusia. Bestelakoan, lehenago hasi eta beranduago amaituko da eta neguan eguerdian izan dituen etenak bertan behera utziko dira.

  Apirila hastearekin batera dator Oñati eta Arantzazu arteko autobus zerbitzuaren ordutegi aldaketa. Udako ordutegia apirilaren 3an sartuko da indarrean. Oñatitik Arantzazura igotzeko lehen autobusa 7.30etan abiatuko da  eta Arantzazutik berriz, 8.00tan. Zerbitzua luzatu egiten da gainera eta Arantzazura igotzeko azken autobusa, 18.30tan irtengo da eta Arantzazutik jaisteko azkena, 19.00tan. Aipagarria da gainera, zerbitzuak eguerdian egiten zuen etena bertan behera geratuko dela domekatik aurrera. Hala, Arantzazurako autobusa, gora eta behera 12 orduz arituko da inolako etenik gabe. Oñatitik Arantzazura, autobusa ordu oro eta beti orduen erdietan irtengo da. Eta Arantzazutik berriz,orduan puntuan. Arau hau dena den, 12.15, 13.15 eta 17.15tako zerbitzuetan apurtuko da. 

  Zerbitzuak Arrikrutzekin duen lotura ere indartu egingo da domekatik aurrera. Oñatitik 10.30tan eta Arantzazutik 13.15 eta 18.00tan irteten diren autobusak Arrikrutz-ko aparkalekura sartuko dira. Gainera, Oñatitik 15.30tan eta 16.30tan abiatzen direnak ere Arrikrutza sartuko dira baldin eta bidaiariren batek gidariari hala eskatzen badio. Eskaera hori, autobusean bertan egin beharko da.

  Oñati-Arantzazu autobus zerbitzuaren igande eta jai egunetako udako ordutegia Turismo Bulegoan eskuratu daiteke jada.

Iturria: Oñati Irratia