Oñati eta Arantzazu arteko autobus zerbitzua indartu egingo da larunbatean

2017/09/06
Zerbitzua ordu-erdiro izango da goizez eta 9:00tatik 14:00tara autobus handi bat jarriko da errefortzu moduan

  Zapatuan ospatuko da Arantzazuko Ama Birjinaren eguna. Horrek, ohikoa baino jende gehiago biltzea eragingo du, ez bakarrik Oñatikoak baita Gipuzkoa eta Euskal Herrikoak ere.  Oñati eta Arantzazu arteko autobus zerbitzua bereziki indartzea erabaki du Oñatiko Garapen eta Turismo Ajentziak. Egun osoan zehar 35 plazako bi autobus ibiliko dira gora eta behera eta 9:00tatik 14:00ak arte 55 plazako hirugarren bat ere sartuko da zerbitzuan. Horrela, ordu erdiro izango diren autobusetan ahalik eta jende gehien garraiatzea lortu nahi da. Goiz-eguerdiko ordu nagusitan minututako gora beherak egon daitezke zerbitzuan arduradunek adierazi dutenez eta lasaitasuna eta pazientzia eskatu dute. 7:30tatik 14:30tara zerbitzua ordu-erdiro izango da eta arratsaldean berriz, ordubetero. Autobusek 5 geltoki izango dituzte: Olakua, Kalegoiena, Postetxea, benediktinen etxe aurrealdean eta Arantzazu.

  Udaltzaingoak eta Ertzaintzak bide segurtasun protokoloa zehaztu ohi dute eta Arantzazuko aparkalekuetatik kanpora autorik utzi ez dadin bereziki zainduko da. Aparkalekuak betetzen direnean errepidea itxi egingo da eta ez da autorik pasatzen utziko, jendea autobusetara bideratuko da. Santutegira iristeko bide bakarra autobusa izango da beraz, baldin eta inguruko aparkalekuak guztiz betetzen badira.

  Herritarrak bereziki indartuko den autobus zerbitzu publikoa erabiltzera animatzen ditu udalak. Arantzazuko Amaren egunean zerbitzua indartzen den arren, txartelaren prezioa betikoa izango da: 70 zentimo bidaiako.

Iturria: Oñati Irratia