Oñati eta Arantzazu arteko autobus zerbitzua indartu egingo da igande goizean

2015/06/17
XTERRA Basque Country mendiko triatloia jokatuko da

  XTERRA Basque Country kros triatloi edo mendiko triatloiak jende ugari erakarriko du Arantzazu eta inguruko mendietara. Horregatik, Oñati eta Arantzazu arteko autobus zerbitzua indartu eta goizean zehar, autobusak ordu erdiro jartzea erabaki da.

  XTERRA Basque Country mendiko triatloia igeriketa probaz hasiko da. Uribarri Ganboako urtegian egingo da eta  ondoren, parte hartzaileek mendiko bizikleta hartuta, Landa eta Arantzazu arteko ibilbidea osatuko dute. Oinetakoak aldatuta Aloña eta Urbia barrena mendi lasterketa egingo dute. Proba, Arantzazuko Santutegi inguruan amaituko da. Donostiako Fortuna elkarteak antolatutako proba berezi honek ikusle eta familiarteko asko erakarriko dituela aurre ikusita, Oñati eta Arantzazu arteko autobus zerbitzua indartzea erabaki da. Autobusak ordu erdiro irtengo dira bai Oñatitik eta baita Arantzazutik ere. Autobus zerbitzua goizean indartuko da, Arantzazura igotzeko 7.30tatik 14.00tara eta Oñatira jaisteko, 8etatik 15.00tara. Ordu tarteren baten autobusean jendea pilatzen bada, zerbitzuak  5-10 minutuz atzeratu daitekeela jakinarazten duten arduradunek.

  Arantzazuko aparkalekua betez gero ez da auto gehiagorik pasatzen utziko, Santutegira igotzeko modu bakarra beraz, autobusa hartzea izango da. Goizean zehar gainera, autobusak lau geltokia izango ditu herrian eta ohikoez gain, Beneditar mojen monastegi aurrealdean ere geratuko dira. 

  Arratsaldean, Arantzazu eta Oñati arteko autobus zerbitzua orduro emango da, ohikoa denez.

Iturria: Oñati Irratia

XTERRA Basque Country ekainaren 21ean