Oñabike eta Trikitx dendek "Singular Denda" errekonozimendua jaso dute

2020/11/02
Zortzi dira jada izendapen berezi hori duten Oñatiko komertzioak

  Singular dendak egitasmoaren helburua da, tokian tokiko denden lehiakortasuna hobetzea. Horretarako, saltzaileen konpetentziak, saltokia eta erakusleihoak eta komunikazioa hobetzeko tresnak lantzen dira. Hainbat formazio saio egiten dituzte dendariek eta aholkularitza partikularra ere jasotzen dute.

  Singular dendak programa Gipuzkoako Merkatari Elkarteak  sortu zuen 2014an eta hiru urte beranduago Debagoienera zabaldu zuen, Oñatiko eta Arrasateko udalen lankidetzaz. Herriko  komertzioek programa ezberdinetan parte hartu dute eta dagoeneko zortzik lortu dute Singular denda errekonozimendua: Maibi dekorazioak, Arkauz optikak, Chic jantzi dendak eta Amalur belar dendak 2018an lortu zuten zigilua; iaz, Andrea Azkoaga Interioristak eta Candeluka jantzi dendak eta berriki, Oñabike eta Trikitx dendek.

  2020a berezia gertatzen ari da, osasun egoerak ekonomiari eta bereziki merkatariei zuzenki eragin die baina zailtasunak zailtasun, beharrezko formakuntza, aholkularitza eta hobekuntza faseak osatu dituzte Oñabikek eta Txikitx dendek. Urriaren 22an telematikoki egin zen Gipuzkoako Merkatari Elkartearen batzarra eta amaieran jaso zuten oñatiarrek, Gipuzkoako beste hainbat komertziorekin batera, aipatu errekonozimendua.

Iturria: Oñati Irratia