Olentzerok garaiz banatu zituen Gurutze Gorriak herritarrengandik jasotako jostailuak

2019/12/26
Eskualdeko 195 haurrek jostailu berriak dauzkate abenduan gauzatu den kanpainari esker

  Ostiral goizean eskuratu zituen Olentzerok Debagoieneko Gurutze Gorriak herritarrengandik jasotako jostailuak. Egoera ekonomiko zailean dauden 102 familietako 195 haurrei garaiz banatu dizkie ikazkinak. Oñatin, 37 haurrentzako jostailuak jaso eta Gabon gauean banatu zituen Olentzerok. Kopurua iazkoaren parekoa da. Jostailu-hartzaileen zerrendak tokian tokiko Gizarte Zerbitzu departamentuekin elkarlanean osatzen dituzte Gurutze Gorriak eta Olentzerok.

  Eskualdeak esku zabal erantzun du beste urte batez Gurutze Gorriak egindako deiari eta San Prudentzioko boluntarioek bereziki eskertu dute.

  Debagoienako Gurutze Gorriak Haien eskubideak jokoan lemapean egin du jostailu bilketa, haurren garapenerako jostailuak ezinbesteko elementu direla jakinik. Helburua, Debagoienean gizarte bazterkeria arriskuan dauden 0-12 urte bitarteko haur eta gaztetxoentzat jostailu berriak eskuratzea izan da eta beste urte batez, helburua bete da. Aurtengo erantzuna ona izan dela azpimarratuta, herritarren eta ekimenarekin bat egin duten enpresen eskuzabaltasuna eskertu nahi du San Prudentzioko Gurutze Gorriak.  

Iturria: Oñati Irratia

Gurutze Gorriak Olentzerorentzat prestatutako opariak