Olakuako urmaela eta inguruak txukuntzeko lanak egiten ari dira udal langileak.

2013/12/13
Hostoek itxi zuten uraren pasabidea libratu da, landareak moztuko dira eta inguruko hesia margotu egingo da.

  Inguruko bizilagunak ez ezik, herritar askok kezka azaldu dute Olakuako ahateen urmaelaren egoeraren inguruan. San Andres Etxebizitza kooperatibako ordezkariek ere kezka horren berri eman diote udalari, urmaelaren egoera tamalgarria dela adieraziz eta hainbat arrazoi azalduz. Urmaeleko ura zikina dagoela eta uda partean usain txarra duela diote San Andres kooperatibakoek. Baranda herdoilduta dagoela eta urmaelaren ingurua sastrakaz beteta. Ahateak berriz geroz eta gutxiago direla arratoiek ahatekumeak jaten dituztelako.

  Udal ordezkari eta teknikariek auzotarrak azaldutako guztia bertatik bertara ikusi dute eta konpontzeko lehen neurriak hartu dituzte.

  Astean zehar udal langileak urmaela txukuntzen hasi dira. Lehenik, uraren joana oztopatzen zuten hostoak garbitu dira. Urmaeleko ura etengabe berritzen ari da errekatik bertaraino iristen den hodi bati esker. Batzuetan ordea, ubide hori hostoz betetzen da eta urak gainezka egiten du. Uraren pasabidea garbitu da. Oso luze eta desitxuratuta dauden inguruko landareak moztu eta egokitzeko abisua ere eman zaie lorezaintza lanetan aritzen direnei. Bitartean, urmaela ixten duen hesia, baranda, margotu egingo da.

  Arratoien arazoa ekiditeko berriz, pozoia jarriko da. Orain urtebete pasa egin zen kanpainan inguruko arratoiekin amaitzea lortu zela ikusi zen. Gerora ordea, jendeak ahateei jana ematen hasi zen eta janaria agertzean arratoiak itzuli ziren. Aurreko kanpainan erabili zen pozoitze sistema berbera erabiliko da orain ere arratoiak akabatzeko.

  Horiek, Olakuako urmaela txukundu eta egun dituen arazoak konpontzeko martxan diren neurriak. Hala ere nahikoak ez direla ikusiko balitz, udalak, badaezpadako bigarren plangintza bat zehaztuta dauka. Kasu horretan esku-hartzea handiagoa, sakonagoa litzateke eta printzipioz, ahateak denboraldi baterako bertatik kentzea eragingo luke. Ahateak kenduta, urmaela eta inguruak sakonki garbitu, saneatu eta guztia eraberrituko litzateke. Baina horrek beste arazo bat dakar, alegia, lanak egin bitartean ahateak non mantendu. Halakoak, dena den, saihestu daitezkeelakoan, ingurua txukuntzeko bitarteko neurriak hartzen ari dira esan bezala.

Iturria: Oñati irratia

Argazkia: Andres Arlanzon funtsa