Olaitturrin garaje plaza bat eskuratu nahi luketen galdetu zaie Kale Zaharra inguruko bizilagunei

2017/12/13
Card image cap
Jasotzen den erantzunaren arabera, jolaslekua estaliko da soilik edota lurrazpiko garajeak ere egingo dira

  2018ko aurrekontuak onartu zirenean jada Olaitturri estali eta erabilera anitzeko espazio bat sortzeko exekuzio proiektua egitea aurre ikusi zen, 50.000 euroko partida gordeaz. LKS enpresak bere egunean egin zuen proiektuaren arabera bi aukera daude mahai gainean: egungo jolaslekua estali eta erabilera anitzeko espazio gisa hornitzea edo lurrazpiko garajeak ere egitea. Bigarren aukera hau gauzatu ahal izateko ordea, lanak autofinantzatu beharko liratekeela argitu du udal gobernu taldeak.

  Jolaslekuaren azpiko parking horretan 70en bat plaza egongo lirateke. Kale Zaharra eta inguruko auzotarrei garaje horietakoren bat erosteko asmorik izango ote luketen galdetu zaie. Garajearen prezioa 24.000 euro, gutxi gora behera, izango litzatekeela ere jakinarazi zaie. 500 gutun inguru bidali dira eta erantzuna, abenduaren 15erako, ostiralerako ematea eskatu zaie. Udal bulegoetan 20ren bat erantzun jaso dira jada baina garajea erosteko gertu daudenak gehiago izan beharko lukete udalak egitasmoarekin aurrera egin dezan. Salmeta horiek tarteko lana autofinantzatuko ez balitz, ez lirateke-eta egingo.

  Olaitturriko jolasleku azpian garajeak egin ala ez, egungo espazioa estali eta erabilera anitzeko gune gisa hornitzeko lanak egin-egingo dira. Unibertsitate zaharra hain hurbil egonik, eraikin historikoarekin bat datorren estalkia jarriko da. Udal arduradunak eta foru aldundikoak harremanetan daude inguruak eskatzen duen zaintza estetiko hori bermatzeko. Nolako estalkia jarri datozen hilabeteetan osatuko den exekuzio proiektuan zehaztu beharko da. Bide batez, egun kiroldegian egiten diren bazkari edota hainbat kirol jardueratarako azpiegitura moduan egokitzeko beharrak ere zehaztuko dira, helburua, esan bezala, gunea, erabilera anitzeko espazio izatea baita.

  Olaitturri estali eta espazioa egokitzeko lanak datorren urte amaieran martxan jartzea aurreikusten da. Behin lanak amaituta Olaitturri jolasgune izango da lan egun eta asteburuetan. Alegia, ez da autorik sartzen utziko ez larunbat ezta igandetan ere, egun gertatzen den bezala.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!