Nekazaritza ustialekuak modernizatzeko diru laguntza oinarriak egokitu egin dira

2017/04/12
Card image cap
Auzoak eta landa garapena departamentuak kudeatzen dituen lau diru laguntza lerroetarako eskaerak egin daitezke jada

  Auzoak eta landa garapena udal departamentuak lehen sektorea sustatu eta berritzeko diru laguntzetarako 40.500 euro izango ditu aurten. Hauek, lau atal nagusitan banatuko dira: nekazaritza ustialekuak modernizatzeko, bertako produktuak merkaturatzeko, nekazaritza erabilerako ura ordaintzeko eta putzu septikoak garbitzeko.

  Nekazaritza ustialekuak modernizatzeko laguntza lerroaren helburua nekazaritza-ustitegien jarraipena ziurtatzea da eta Euskadiko nekazaritzaren eta landa ingurune osoaren funtzio aniztasuna eta iraunkortasuna bermatu eta sutatzea.  Norabide horretan aurreko deialdietako oinarriak pitin bat egokitu dira eta diruz lagundu daitezkeen inbertsioen baitan berrikuntza teknologikora eta belaunaldien arteko errelebora bideratutakoak jasoko dira. Inbertsioak 40 urte baino gutxiagoko nekazari gazteek eginez gero gainera, laguntzak, %20ra arte handituko dira. 

  Oñatiko nekazaritza ustialekuetan 2017an egindako inbertsioak diruz lagunduko dira. Laguntza lerro honetan sartuko dira ustialekuetako eraikin edo nabeak eraikitzea, nekazaritza makineria eta ekipoen erosketa eta baratzezaintza eta lorezaintza intentsiborako instalazioak. Bideragarritasun azterketa eta txostenak egiteko arkitekto eta ingeniarien ordain sariak ere sartuko dira. Eta lehen aipatu bezala, berrikuntza teknologikora edota belaunaldien errelebora bideratutako aholkularitza gastuak ere bai. 

  Nekazaritza ustialekuak modernizatzeko laguntzetarako 12.000 €ko partida du udalak aurten. Diru laguntza hauek eskatzeko 18 eta 65 urte artekoa izan behar da eta nekazaritza adarreko erdi edo goi mailako lanbide heziketako titulazioa izan behar da gutxienez, edo nekazaritza jardueran 5 urte baino gehiagoko eskarmentua. Lehenengo aldiz instalatzen diren nekazari gazteek berriz, nekazaritzan gutxienez bi urteko eskarmentua edo nekazaritza arloko 150 ordu lektiboko heziketa iraunkorreko ikastaroetan parte hartu izana egiaztatzea eskatuko zaie.  Horrela, ustialekuaren etorkizuna bermatzeko oinarrizko baldintzak betetzen direla ziurtatu nahi du udalak.

  Bertako produktuak merkaturatzeko diru laguntzen atalean, azokara baserri produktuak saltzera doazenei ematen zaien diru laguntzaz gain, kontsumo taldeei zuzendutako laguntzak ere sartzen dira.  Hirugarren laguntza lerroa, nekazaritza erabilerako ura ordaintzeko da. Eta laugarrena putzu septikoak garbitzeko gastuak arintzera zuzenduta dago. Udalak, putzu septikoa hustutzeko kostuaren erdia diruz lagunduko du.

  Nekazaritza ustialekuak modernitzatzeko eta putzu septikoak garbitzeko  diru laguntzak eskatzeko epea zabalik dago azaroaren 30era arte. Nekazaritza erabilerako ura ordaintzeko diru laguntzak urte amaierara arte eskatu ahal izango dira eta bertako produktuak azokara eramateagatik jasotzen diren diru laguntzak berriz, hiru hilabetetik behin ordaintzen dira eta horretarako, ekoizleek,  eskaera konkretua bete behar dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!