Natxo Santosen argazki batek irudikatuko du 2017ko udal egutegiaren azala

2016/12/12
Egutegia aste honetan banatuko da ikastetxe, denda, enpresa eta udal bulegoetara

  Gaur jasoko dute 2017ko udal egutegia udaletxean eta berehalakoan hasiko dira banatzen. Iazko diseinua jarraituz, kalendarioak hilabeteko orri bat eta honi laguntzen dion irudi bana izango ditu. 12 irudiak hautatzeko herritarren laguntza eskatu zen eta 7egileren 42 argazki jaso ziren. Guztien artean aukeraketa egin da eta 12 hautatu ez ezik, horien artean azala irudikatuko duena aukeratu da.

  Ilunabarrean eta Aloña aldetik ikusten den paisaia da datorren urteko egutegia irekitzen duena. Azalean eta garagarrila edo uztailari dagokion orrialdean agertuko da. Natxo Santos da argazkiaren egilea eta sari gisa 150 txantxi jasoko ditu. Natxok berak ateratako beste hiru argazki ere argitaratuko dira 2017ko egutegian baina baita beste argazkilari batzuenak, eta bestelako irudiak, noski. Hala, plaza eta udaletxea, elurtutako Aloña, pilotan jokatzen ari diren emakumeak, unibertsitate zaharraren sarrera, Gernikako arbola edota neskatilatxo talde bat gimnasia erritmika egiten agertzen diren argazkiak ikusiko ditugu. Haurren kasuan, eta norberaren irudirako eskubidea babestuz, adingabeen gurasoei baimena eskatu zaie argazkia argitaratu ahal izateko. Horiek guztiak Euskeriak egitten gaixon/egitten gaixok lema duen 2017ko egutegia irudikatuz argitaratuko dira, egilearen izen-abizenekin.

  Udal egutegiaren 1000 ale inprimatu dira eta ohikoa denez, udal zerbitzu, ikastetxe, denda eta bestelako lokal publikoetara banatuko dira. Gaur-bihar hasiko dira banaketa hori egiten. Soberan geratzen direnak berriz, Turismo bulegoan jarriko dira salgai.

  2017ko udal egutegia Ezkio Itsasoko ADAKI Komunikazioa enpresak moldatu du. Aurrekontua berriz, ia 2600 euro izan da.

Iturria: Oñati Irratia

Natxo Santosen argazkia