Moneta Soziala proiektua aurkeztu eta parte hartu nahi dutenekin atxikimendu dokumentua sinatzeko taldekako bilerak egingo dira herriko merkatari, ostalari eta gremioetako ordezkariekin.

2014/07/16
Bilerak, datorren astean bertan hasiko dira.

  Moneta sozialaren proiektua garatze bidean hurrengo urratsa mahai teknikoak proposatutako eredua taldeka aurkeztea da eta bide batez, parte hartzeko erabakia hartuta dutenekin atxikimendu dokumentua sinatzea. Herriko merkatari, ostalari eta gremioetako ordezkariak taldetan bildu dira eta bakoitzarekin batzartzeko egun eta orduak zehaztu dira. Hala, lehen bilerak datorren astean bertan egingo dira: asteartean, janari denda, okindegi, harategi, arrandegi eta ile-apaindegietako arduradunekin eta asteazkenean, arropa, oinetako, kirol denda, mertzeriak, lurrindegiak, bitxi, liburu-denda, informatika, diseinu, argazki denda, optiketako arduradunekin. Bi egunetan, hiruna bilera egingo dira, goizeko 9etan eta arratsaldeko 3ak eta 8etan. Dendariei, telefonoz deituta zein egun dagokien jakinarazi eta hoberen datorkien ordua zehaztea eskatuko zaie, bilerak, gutxi gora behera, hiru ordu laurdeneko iraupena izango duelarik. Zehaztutako egunean joaterik ez duenak, aldatzeko aukera izango du.

  Uztailaren 28 eta 29an ere bilerekin jarraituko da. Astelehenean, osasun zerbitzu, pintura, ferreteria, opari denda, etxe dekorazioa, altzari dendetako ordezkarien txanda izango da eta asteartea, alojamendu eta jatetxeetako arduradunena.

  Gremioetako profesionalekin berriz, irailaren 2an egingo da bilera. Azken batzar horretara, igeltserotza, aroztegi, elektrizitate eta iturgintzako ordezkariak deituko dira.

  Bilera guztiak udaletxean izango dira eta aurreikusitako denbora gehienez, 45 minutu izango da. Edozein zalantza duen merkatari, ostalari edo gremiotako profesionalak, garapen eta turismo ajentziara deitu dezake: 943 71 88 08 telefonora.

  Bilera erronda honen helburua, esan bezala, Oñatirako aukeratu den moneta sozial eredua aurkeztu eta atxikimendu dokumentua sinatzea da. Hala, urrian zirkulazioan jarri asmo diren “txantxiak” non erabili daitezkeen herritarrei jakinarazteko.

  “Txantxia” izango da bai Oñatiko moneta sozialaren izena. 50 zentimo, euro 1, 5, 10 eta 20 euroko billete-paperak inprimatuko dira eta nahi duten herritarren esku jarriko dira. Hasieran, urtebeteko proba epean, udal langileak izango dira soldataren zati bat txantxitan jasoko dutenak. Baina herriko enpresei ere proiektuan inplikatzea eskatuko zaie. Hala, datozen asteetan merkatari, ostalari eta gremioetako ordezkariekin egingo den bezala, herriko enpresariei zuzenduta informazio bilerak egingo dira  irailean zehar. Irailean baita ere, moneta sozialaren berri emateko informazio kanpaina berezia egingo da herritarrei begira.

Iturria: Oñati irratia

Irudia: Txantxi baten adibidea