Miren Arbil Urteaga Bikuña proposatu du Udalak Oñatiko Bake Epaile izateko

2016/03/08
Ordezko berriz, Mª Carmen Telleria Rodriguez izendatzea proposatuko dio Euskal Auzitegi Nagusiari

  Azken Osoko Bilkuran aztertu eta onartu zen gaia. Miren Arbil Urteaga Bikuña Oñatiko Bake Epaile eta bere ordezko Mª Carmen Telleria Rodriguez proposatzea onartu zuen Udalbatzak aho batez. Hala jakinaraziko zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Gobernu Idazkaritzari, izendapena egitea, erakunde honi baitagokio.

  Iazko azaroko Osoko Bilkuran onartu zen bake epaile eta ordezko karguak betetzeko deialdia abian jartzea. Hiru hautagai aurkeztu ziren arren, baten eskaera epez kanpo jaso zen eta prozesuan ez da kontutan hartu. Hautagaien ikasketak eta lan egoera baloratu zituen epai mahaiak eta zuzenbidean lizentziatua den Miren Arbil Urteagak puntu alde handia lortu zuen. Ondorioz, hasieran elkarrizketa pertsonala egitea aurre ikusi bazen ere, halakorik egin gabe eta bi hautagaiekin berba eginda, zuzenean, bake epaile posturako Miren Arbil Urteaga Bikuña proposatzea adostu zen. Hala, aurkeztu zen Osoko Bilkuran eta aho batez onartu zen.

  Gaur egun bake epaileek jaiotza, heriotza eta antzerako egiaztagiriak sinatzen dituzte eta zenbait instrukzio bideratzen dituzte. Gatazka txikietan eta epaitegietara iritsi gabe kontziliazio edo lagunarteko ekintzak bideratzen dituzte eta ezkontza zibilak ere egiten dituzte. Euskal Auzitegi Nagusiari egin zaizkion proposamenak onartuta, bake epaile eta ordezko berrien izendapena lau urtetarako egingo da.

Iturria: Oñati Irratia