Mendeko pertsonei arreta soziosanitarioa emateko profesionaltasun ziurtagiria lortzeko ikastaroa antolatu du udalak

2017/06/19
Card image cap
Irailetik abendura luzatuko den ikastaroan izena emateko epea uztailaren 14an amaituko da

  Erakunde sozialetan mendeko pertsonen zaintzaile lanetan jarduteko 2. mailako profesionaltasun ziurtagiria eskuratzeko ikastaroa antolatu du udalak. Ikastaroa irailaren 4tik abenduaren 22ra luzatuko da eta printzipioz goizez emango da, baina ordutegia partaideekin zehaztuko da. 370 orduko formakuntza 80 orduko praktikekin osatuko da. Ikastaroa gazteleraz emango da Zubillaga auzoan dagoen Olaburu zentroan. Plaza mugatuak dira eta gehienez 15 lagunek egin ahal izango dute, izen-emate hurrenkeraren arabera beteko dira dauden plazak.

  Ikastaroan parte hartu ahal izateko DBH titulua, lan-arlo eta eremu bereko 1. mailako profesional ziurtagiria edukitzea edo 2. mailako edozein profesionaltasun ziurtagiriren bat izatea eskatzen da. Agiririk ez baina arloan lan esperientzia dutenek ere egin ahal izango dute ikastaroa, beti ere, gaztelera eta matematikari buruzko konpetentzia proba gainditu ondoren.

  Interesatuek uztailaren 14ra arteko epea dute izena emateko. Izena Bidebarrieta kaleko 12an dauden udal bulegoetan, Sozioekonomia sailean eman behar da.  Informazio gehiago: 943003198 telefonora deitu daiteke edo mezua bidali honako helbide elektronikora: enplegu@onati.eus. Izena ematerakoan nortasun agiriaren kopia, eskatutako titulazioaren kopia eta curriculuma aurkeztu behar dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!