Martxoaren 8aren bueltan aldarrikapen egitarau zabala antolatu dute herriko hainbat eragilek

2018/02/28
Card image cap
Lehen ekitaldia, larunbatean San Prudentzion egingo den eskualdeko emakumeen topaketa izango da

  Emakumeen Nazioarteko Egunaren inguruan Oñatin antolatu diren ekitaldiak martxoaren 3tik 24ra luzatuko dira eta zine, antzerki eta musika emanaldiak, solasaldiak, mendi irteerak, bazkariak eta nagusiki aldarrikapen mobilizazioak programatu dira. Lehen ekitaldia, bailara mailakoa izango da eta larunbatean bertan gauzatuko da. Debagoieneko emakumeen topaketa eta elkarretaratzea egingo da Elorregin. Eskualdeko herrietatik martxak antolatu dira zapatu goizean, 12:00tan San Prudentzion bat egiteko. Oñatin parte hartu nahi duten emakumeak Eltzian elkartuko dira bizikleta edo autoz San Prudentziora joateko.

  Martxoaren 5ean La Casa de Bernarda Alba antzezlanaren inguruko literatur-topaketa egingo da eta 11n berriz, Garcia Lorcaren lana Santa Ana aretoan antzeztuko da. Martxoaren 6 eta 13an, Zinegoak Hedapena gay-lesbo-trans zinema emanaldiak izango dira. 7an ere, dokumental emanaldia eta solasaldia izango da, A tiro de piedra de la carcel izeneko dokumentala pantailaratuko baita. Eta ostegunarekin etorriko den martxoaren 8an ere, zine klub emanaldian Alanis drama argentinarra ikusi ahal izango da.

  Martxoaren 8a Emakumeok planto! lemapean ospatuko da aurten eta emakume guztiak lau orduz lana uztera deitzen dira, bai ordaindutako lana dutenak baita zaintza eta etxeko lanetan aritzen direnak ere. Emakumeen eguneroko lana, ordaindu eta ordaindu gabea, zein handia eta garrantzitsua den irudikatu nahi da, eta horrekin, emakumeen diskriminazioa, emakumeen kontrako indarkeria, arrazakeria eta bazterkeria salatu nahi da. Lana uzteko zailtasunak dituztenei amantalak leihoetatik eskegi edota besoko morea eramateko gonbidapena egiten zaie. Martxoaren 8an hainbat kontzentrazio egingo dira Oñatin, 12:00tan plazan eta Olakuan eta 19:00tan plazan.  Lagun leku elkarteak antolatuta gainera, emakumeen bazkaria egingo da Garoa tabernan. 

  Emakumeen aldarrikapen eta ospakizunek jarraipena izango dute hurrengo egunetan ere. Martxoaren 9an, Euskal emakumeen doinuak izeneko kontzertua emango du Ganbara abesbatzak emakume konpositore euskaldunek sortutako kantuak eskainiz, udaletxeko pleno aretoan. 10ean, Emakume artisauen azoka egingo da plazan eta ondoren emakumeen bazkaria gaztetxean. Eta gaztetxean bertan, baina martxoaren 14rako, Antixena feminista: tertulia internazionalista solasaldia antolatu da. 17an, eta maiatzaren 5ean, autodefentsa tailerrak egingo dira Emakumeon jabekuntza eskolaren baitan eta martxoaren 24an azkenik, Andraitzera mendi martxa egingo da.

  Hiru astez luzatuko den aldarrikapen egitarau berezi hau herriko eragile ezberdinek osatu dute: Oñatiko Sare Feministak, udalak, Lagun Leku elkarteak, Caritasek eta Elkar Hezi ikastetxeak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!