Martin Ramstedt alemaniarra Lege Soziologia Institutuko zuzendari zientifiko berria da

2020/10/14
Card image cap
Ikerlari-irakasleak 2022ko irailera arte beteko du kargua

  1962an Frankfurt-en sortua, 2013az geroztik ari da Nazioarteko Lege Soziologia Institutuarekin elkarlanean Ramstedt, Zuzenbidea eta antropologia ikastaroa tarteka eman baitie Masterreko ikasle talde ezberdinei. Hori da bere ikerketa arlo eta espezialitatea.

  Ramstedt doktorea Gizarte Antropologiako Max Planck Institutuko ikerlari da. Aurretik, Europako Zientzien Fundazioko ikertzaile gisa lan egin zuen Leideneko Asiako Ikasketen Nazioarteko Institutuan, eta Kopenhageko Asiako Ikasketen Institutuan ere aritu zen. Asiak bereziki erakartzen du Ramstedt eta Indonesiako kasua sakonki ikertu du, erlijioa, kultura eta zuzenbidea nola uztartzen diren aztertuz. Gaiarekin erlazionatutako hainbat lan argitaratu ditu, bakarka zein beste ikerlari batzuekin elkarlanean.

  Irailean hartu zuen Oñatiko Nazioarteko Lege Soziologia Institutuko zuzendari zientifiko kargua eta bi urtez beteko du, 2022ko irailera arte. Une honetan Ikerbasque-ko Research Professor edo irakasle-ikertzailea ere bada 58 urteko alemaniarra.

  Lege Soziologia Institutuko zuzendari zientifikoen izendapena bi urterako izan ohi da eta tarte horretan aldaketa sakonik egitea zaila da, baina bakoitzak bere ukitu pertsonala ematen dio Oñatin egiten diren mintegi eta batzarrei.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!